Datorren larunbatean Bilbon izango da manifestazioa. Lema, “Murrizketarik ez. Burujabetza ekonomikoa”

Espainiako gobernuak EUSKAL HERRIAREN ETA EUSKAL HERRITARREN KONTRA INOIZ BURUTURIKO ERASO SOZIAL ETA EKONOMIKO LARRIENAREN AURREAN GAUDE. PPK dekretatu dituen azken neurri murriztaile guztiz larrien aurrean, Euskal Herria Bilduk KALERA ATERATZEKO eta mobilizatzeko deia egin nahi dio euskal jendarteari, defendatzeko aukera eskainiko digun gehiengo sozial eta politikoa antolatuz.

KALERA IRTETEKO GARAIA DUGU, MURRIZKETA GUZTI HAUEI EZ ESATEKO, BAINA BATEZ ERE GURE HERRIAREN BURUJABETZA ALDARRIKATZERA.

Izan ere, Raxoiren gobernuak, aurretik Zapaterorenak egindakoan sakonduta, larritasun bikoitza dakarren neurri sorta ezarri du. PPren neurrien helburua da Espainiako eskuinaren estatu eta gizarte eredua ezartzea, beren Espainia eredua: ongizate estatua desegiten dute eta, aldi berean, Estatuaren zentralismoaren sakontzera datoz.

-Batetik, aldez aurretik pentsatutako sistema publikoaren eta ongizate estatuaren desegitea gauzatzen du; hau da, krisi sistemiko honen eragile nagusia den mundu mailako finantza eta banka sistema elikatzeko, babes sistema publiko osoa deuseztatzeko neurriak ezarri ditu. HAU LAPURRETA DA, SAKEOA ETA EZ BESTE EZER: diru eta babes sistema publikoen desmantelamendua da. Ez dago beste adjektiborik modu berezian herritar xumeenak, langabetuak, emakumeak, gazteak, pentsiodunak, menpekotasuna dutenak eta langile prekarioak erasotzen dituen hori definitzeko.

-Eraso bikoitza dela ere esan dugu, ordea. Izan ere, eraso sozial orokorra izateaz gain, murrizketa neurri amaigabeen sokan argi ikusten da PPk bere bokazio zentralistan sakontzeko politika jarri duela martxan, krisiaren aitzakiarekin. Eraso zentralista da, EUSKAL HERRIAREN ETA EUSKAL HERRITARREN AURKA EGITEN DENA. PPk bere DNAn daukan dena zentralizatzeko asmoa hazi egin da, estatu osoa Moncloatik gidatu nahi duelako, batez ere udalen autonomiari eraginez.

ERASO HONI EZIN ZAIO IZKIN EGIN, AURRE EGIN BEHAR ZAIO. Eta jakin badakigu gure helburuak gauzatzeko aukera bakarra dela alderdi politikoen, eragile sozialen eta sindikalean arteko koordinazio lana; eta batez ere herritarrei protagonismoa ematea.

Raxoik egindako iragarpenaren aurrean euskal alderdiek egindako balorazioak ere aztertu nahi ditu EH Bilduk:

-UPNren gobernua, edo hobeto esateko, gobernu eza, Madrildik ezarritako neurriak banan-banan aplikatzen ari dena, ezintasunez jantzia ikusi dugu, Madrili erreguka defizitaren muga handitu dezan. Nafarroa Garaian urteetan UPNk eta PSN inplementatutako eredu politiko eta ekonomikoaren porrot ikaragarria begi bistan dago: interbenituta eta zuloz josita dago urteetan eraikitako bunker nafarra.

-PSEren gobernua ere ezintasun osoz mintzo da: “bakarrik ezarriko dira murrizketa neurriak legeak horretara derrigortzen bagaitu”, esan du Lopez lehendakariak. “Neurriei izkin egiten ahaleginduko gara”, Idoia Mendiak. Ezintasun politikoa mintzo da haien ahotik. Krisi garaiotan daukagun eszenatoki politikoa jasangaitza dela agerian uzten dute adierazpen horiek; era berean, EAEko exekutiboak argi lagatzen du Estatutuaren sapaia (sekula bere osotasunean betetzera ere iritsi ez den 33 urteko estatutuaren sapaia) guztiz hauskorra dela.

-EAJren erantzunak, berriz, murrizketa hauei “euskal estiloan” erantzutea proposatu du. Eta zer da EAJren euskal estilo hori? Bada, Kontzertu Ekonomikoa goraipatzea eta berau aldarrikatzea irtenbide gisa. Baina murrizketa hauek haratago doaz, esan dugun bezala Estatuaren zentralizazioa, Espainia bakarra eta handia, da PPren helburuetako bat, eta ez garrantzia txikiena daukana.

IRTENBIDEA BURUJABETZA.

Banka eta kapitalaren interesek gobernatzen duen Espainiarekiko menpekotasuna hausteko garaia dugu. Raxoi eta Rubalcaba eta haien menpe dauden Lopez eta Barcina bezalakoen gaitasun faltagatik ezin gara arrastaka ibili. Argi eta garbi diogu: erabateko burujatzerako bideari ekiteko ordua heldu da, bestelako parametro sozioekonomikoekin eraikitako Euskal Herria erdiesteko.

Burujabetza da bide bakarra, Estatutik inposatu dizkiguten azken murrizketek agerian utzi dutelako Estatutua eta Amejoramendua ez direla tresna baliagarriak babes sozialean, krisiari aurre egiteko neurrietan ez eta fiskalitatean politika propioak egin ahal izateko.
Horregatik guztiagatik, burujabetzaren ordua dela azpimarratu nahi dugu. Euskal gizarteak bere tresna propioak izan behar ditu, eredu ekonomiko eta soziala eraiki ahal izateko, hau da, herria eta gizartea eraiki ahal izateko.
Ezin gara geratu, ordea, hitz hutsetan. Erantzuteko garaia da. Ez baita egia mobilizazioak ez duela ezertarako balio. Balio du, eta asko.
Horregatik, Euskal Herriko dozenaka mugimendu sozialek eta gehiengo sindikalak egindako mobilizazio deialdiei babesa adieraztearekin batera, DATORREN LARUNBATEAN, UZTAILAK 21EAN BILBON EGINGO DUGUN MANIFESTAZIOrako DEIALDIA LUZATZEN DUGU Euskal Herria Bildutik. ‘Murrizketarik ez, burujabetza ekonomikoa’ leloa izango duen manifestazioa arratsaldeko 5:30ean abiatuko da, Jesusen Bihotzatik, eta bertan parte hartzeko deia egiten diegu herritar guztiei, herritar guztien eskubideak direlako jokoan daudenak eta elkarrekin lan eginez bakarrik lortuko dugulako murrizketak geldiaraztea.

 

Jatorria: Euskal Herria Bildu