Espainiar Estatuan tortura egitura-arazoa dela salatu du EAk behin eta berriro.
Eusko Alkartasunak pozik hartu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Berriako zuzendari Martxelo Otamendiren salaketa onetsi izana. Halaber, Otamendik jarritako tortura salaketa ez ikertzeagatik eta berau ekiditeko bitartekoak ez jartzeagatik, espainiar Estatuak 24.000 euroko kalte-ordaina ordainaraztearekin erabat ados agertzen da EA.
Eusko Alkartasunak beti jarri izan ditu martxan polizia-etxeetan atxilotuei torturak eta tratu txarrak ekiditeko ekimenak. Izan ere, ez da alderdi hau bakarra izan tortura espainiar estatuaren “egitura-arazo” edo arazo estrukturala dela behin eta berriz adierazi duena; Amnesty International edota Giza Eskubideen aldeko hainbat nazioarteko erakundek ere salatu dute espainiar estatuaren gaitz hau.
Eusko Alkartasunaren ustez, GEEAren sententziak gai honekiko hausnarketa sakona egitea merezi du, eta espainiar estatuak tortura erabiltzearen ohiturari behingoz amaiera eman diezaion eskatu du.
Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA