Manifestazioan parte hartzeko deia egin du
“Hurbildu bakera” du lelotzat larunbatean Baionan burutuko den mobilizazioak. Gure iritziz, ezinbestekoa da bakera hurbiltzeko guztiok urratsak ematea, iraganeko jarrerak alboratzea eta ezinbestean, salbuespenezko legeak bertan behera uztea.
Zentzu horretan, ezinbestekoa da euskal presoei dagozkien eskubide guztiak errespetatzea. Aro berri bat bizi dugu Euskal Herrian; urtebete bete berria da Aieteko nazioarteko konferentziatik eta baita ETAren erabakitik ere.
Baina Estatu espainiar eta frantziarrak ordea, ohiko jokamoldeekin jarraitzen dute: Espetxeetan eskubide urraketa iraunkorra, legez kanporatzeko mehatxuak, atxiloketak, Aurore Martinena adibide.
Hala ere, azken urtebete hau, ez da alperrik pasa; ikusi besterik ez dago Aurore Martinen atxiloketak Ipar Euskal Herrian eragin duen erabateko eta ahobatezko erantzuna. Euskal Herrian geroz eta zabalagoa da konponbide demokratikoen aldeko gehiengoa, elkarrizketa eta akordioak aldarrikatzen dituena. Eta presoen eskubideen aldarrikapena erabat zabalduta dagoen mezua da, aldarrikapen transbertsala da.
Estatuek ordea, entzungor egiten diote aldarri horri.
Horregatik, ezinbestekoa da kalera ateratzea, presoei dagozkien eskubideen errespetua exijitzera. Aukera bikaina daukagu larunbatean, 15:30etan Baionan burutuko den mobilizazioan partehartuz.
Dei egiten diegu herritarrei manifestazioan masiboki parte har dezaten.
Jatorria: Eusko Alkartasuna