Euskal Herria Bilduko ordezkariek salatu dutenez, edukien inguruko hausnarketarik gabe instituzio ezberdinen aurrekontuen onarpena lortzen saiatu da EAJ
Euskal Herria Bilduko ordezkariek salatu dutenez, edukien inguruko hausnarketarik gabe instituzio ezberdinen aurrekontuen onarpena lortzen saiatu da EAJ
EAJk hasieratik erabakia hartua zeukan, bakarrik gobernatzekoa, alegia. Azken bi aste hauetan burutu diren bilkuretan, EAJ anbiguotasun osoz aritu da. Bi dokumentu helarazi dizkiogu, hitzarmen posibleetarako hainbat edukiren inguruan zehaztapenak jasotzen zituena. Era berean, hainbat galdera ere luzatu dizkiogu, erantzunik jaso gabe.
Igandean buruturiko agerraldian esan bezala, gobernu berria osatzeko akordio bila baino, edukien inguruko hausnarketarik gabe instituzio ezberdinen aurrekontuen onarpena lortzen saiatu da EAJ. Hau da, aurrekontuek zer jasotzen duten aztertu gabe onartzeko eskaera egin du EAJk. Gu ez gatoz bat politika egiteko eredu horrekin, kromo-trukaketaren politikarekin. Edukien arabera lortu behar dira adostasunak.
Era berean, arduraz adierazi nahi dugu, oraindik ez dugula ezagutzen EAJk krisitik ateratzeko, herritarrei eskaintzeko, dituen neurri zehatzak. Ez du inolako programarik edo proposamen zehatzik aurkeztu.
Une honetan lehentasunezkoak diren gaietarako, hala krisiari herri eta herritarren ikuspegitik aurre egiteko zein normalizazio prozesuan, nola bakegintzan aurrera egiteko, proposamen eta neurri zehatzak proposatu ditugu. Izan ere, gure helburua herritarrei soluzioak ematea da. Horretarako, edukietan oinarritutako akordio zabalak bilatzen saiatuko gara.
Une honetan, ezinbestekoa deritzogu herri ikuspegi batekin jardutea, herri gisako politikak eta akordioak gauzatzea eta herritarrak politika horien ardatzean kokatzea. Hori da gure borondatea eta hori izango da gure jardunaren ardatza.
Horretarako datozen asteetan gure legebiltzarkide taldea gainontzeko indar politikoekin eta eragile sozialekin hartu-emanak izaten ahaleginduko da.
Jatorria: Eusko Alkartasuna