Udalerrietan garatuko duten protokoloa aurkeztu dute koalizoaren alkate-zinegotziek.
Gaurkoan, aurreko astean iragarri genuen moduan, etxe-kaleratzeei aurre egiteko EH Bilduk harturiko konpromiso eta instituzio ezberdinetatik hartuko ditugun neurrien inguruan berri ematera gatoz. Horretarako, bertan bildu gara hainbat alkate eta hautetsi, koalizioaren hautetsi guztien ordezkari gisa.
Gobernatzen ditugun udaletan garatuko dugun proposamena da gaur aurkeztuko dizueguna, era berean oposizioan gauden udaletan ere aurkeztuko dugu eztabaidatua izan dadin. Neurri zehatzak biltzen dituen protokoloa da, eta bi helburu ditu, batetik egoera larri honen aurrean daudenei laguntza praktikoa ematea eta, era berean, etxegabetzeen sistema bidegabeari aurre egitea. .
Lehenik eta behin, etxegabetze denak denbora mugagabean bertan behera uzteko exijitzen du EH Bildu-k. Herritarren eskubideen defentsa bermatzeko legediaren aldaketa exijitzen dugu. Era berean, herritarren etxebizitza eskubidea babesten du, gai honetan bankuek eta Espainiako gobernuak duten jarrera ozen salatuz.
• Horrela bada, ezinbestekoa deritzogu, egoera honen aurrean, instituzioen eta etxegabetzeen aurka ari diren eragileen arteko elkarlana. Horretarako udala eta eragileekin harreman iraunkorra izango da. Beharrezkoa ikusten den kasuetan, etxegabetzeen gaiaren lanketarako, udal batzorde berezi bat antolatzeko aukera irekia geratzen da.
• Udala, herrian ohiko etxebizitzaren etxegabetzeak jasan dituzten edo jasateko arriskuan dauden herritarrei irekita dago. Egoera hori nozitu duten edo arriskua duten herritarren informazioa jasotzea ezinbesteko du udalak, ekinbideak martxan jarri ahal izateko.
Horretaz arduratuko den zinegotzi bat izendatuko da.
Kaltetuen eskura, telefono zenbaki bat eta e-mail bat jarriko dira.
Hala eskatzen duten kaltetuek, diskrezio osoa izango dute Udalaren aldetik.
• Udalak, herritarraren aurkako etxegabetze prozedura martxan duen bankuarekin harreman bidea irekiko du, honako helburuekin:
Etxegabetze prozedura denbora mugagabean bertan behera uzteko exijitzea.
Kaltetuaren aldetik dagoen proposamen oro bankuari bideratzea.
• Udalak, Kutxabank-eko partaide den heinean (Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban), bereziki exijitzen dio entitate honi, etxegabetzeak bertan behera utzi ditzan denbora mugagabean. Epaitegietan martxan dauden prozedurak ere bertan behera uzteko beharrezko diren urratsak eman ditzan exijitzen dio Udalak Kutxabank-i. Kutxabank-en barne egituran dauden aukera guztietatik bideratuko dio Udalak, arestian aipatutako exijentzia.
• Udalak, etxegabetzeen gaiarekin duten jarreraren arabera kreditu entitateekin duen harreman instituzionala, ekonomikoa eta elkarlana berrikusi egingo ditu: Etxegabetzeak gauzatzen dituzten eta egiten ez dituzten entitate finantzieroen arteko sailkapena egingo du Udalak eta etxegabetzeak egiten dituzten banketxe horiekin harremanak etengo ditu.
• Udalak, herritarren jakinaren gainean utziko du etxegabetzeen gaiaren aurrean Banku, Kutxa edo Kooperatiba bakoitzak duen jarrera.
• Ordezkatzen ditugun udalek, ez dute etxegabetze prozedurarik bultzatuko eta beraietan parte hartuko. Era berean, gai hauetan, epaitegietatik bideratutako prozedurak gauzatzeari uko egiten dieten udal langileak (udaltzainak kasu gehienetan), babestu egingo ditu udalak.
• Udalak, ohiko etxebizitzaren etxegabetzea nozitu duten herritarrei, etxebizitza eskubidea onartua izan dezaten, informazioa, laguntza juridikoa eta lehen arreta eskainiko die.
• Ohiko etxebizitzarik gabe geratu diren herritarrei premiazko irtenbidea emate aldera eta alokairu soziala erreferentzia nagusitzat harturik, Udalak,
Etxebizitzaren eskumena duten erkidego eta foru entitate publikoekin (Etxebide eta Vinsa) elkarlana bultzatu du.
Hainbat etxebizitza hutsik dituzten banku eta higiezin enpresei ardura exijituko die.
• Herrian etxegabetze prozedura bat gauzatzen den bakoitzean, egunean bertan, Udalak herri eragileekin batera, etxebizitza eskubidearen alde eta etxegabetzeen aurka, kontzentrazioa egingo da herriko plazan.
Jatorria: Eusko Alkartasuna