Nafarroako Eusko Alkartasunaren Lurralde Batzordeak UPN eta PP alderdiek azkenaldian hartutako neurri eta jokabideak aztertuko ditu, zeintzuek euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen dituzten.
Nafarroa plural baten aurka Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak erakutsi duten jarrera obsesiboak erantzun bateratu eta berehalakoak behar ditu, bai maila politikoan eta baita sozialean ere. Euskalerria irratia legeztatzeari ezezkoa emanda, UPNren gobernuak euskarari lizentzia ukatu dio, beste behin. Iragan astean jakinarazi genuen PPren gobernuak zigor ekonomikoa ezarri diela Eusko Alkartasunako hainbat afiliaturi, Iruñerrian ETB ikusteko antena bat ipintzeagatik. Eta orain, UPNk lizentzia ukatu dio Euskara hutsean emititzen duen irrati bakarrari, berriro ere nafarren hizkuntz eskubideak urratuz.
25 urte daramatza Euskalerria irratiak egoera alegalean emititzen eta egindako ibilbidea eta lana haintzat hartzetik urrun, irratiari lizentzia ukatu dio laugarren aldiz jarraian. Eusko Alkartasunak bere elkartasun osoa helarazi nahi die bertako langile guztiei eta erabat arbuiatzen du UPNren jokabidea, zeinek, beste behin, euskarazko proiektu sendo eta kalitatezko bat baztertu duen ildo editorialengatik.
Nafarroako Gobernuak inola ere ez du errespetatu Nafarroan dagoen aniztasun politiko, sozial, kultural eta linguistikoa; ezta euskalgintzako hainbat eragileren eskaria ere. Dirudienez, bestelako kriterioak nagusitzen dira UPNren baitan, besteak beste, euskararen normalizaioaren aldeko edozein proiektu eta ekimen oztopatzea.
Europatik datozen ildoak argiak dira: Nafarroan, gutxienez, euskara hutseko irrati eta telebista bana bermatzen ez diren bitartean Hizkuntza Gutxituen Itunean hartutako konpromisoak urratzen dituzte Espainiako Estatuak eta Nafarroako Gobernuak. Baina PPk eta UPNk entzungor egiten diote justiziari haren ebazpenak gogoko ez dituztenean eta, inposizio antidemokratikoen bidea hartzen dute. Interes propiei erantzuten dieten neurri eta jokabideak; Nafarroako Parlamentuaren eta milaka herritarren eskakizunen gainetik, Europako Batzordeko txostenen gainetik eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren sententzia biren gainetik.
Horregatik, Nafarroa plural baten alde egin beharrean aurkitzen gara, batasuna bultzatuz alderdikeriaren ordez. Horren alde egiten du UPNren eta PPren gobernuen jarrera obsesibo, arbitrario eta zigo gabekoaren kontrakoa den gehiengo zabalak.
Jatorria: Eusko Alkartasuna