IKERNE BADIOLA EAk bake eta normalizazio politikoaren inguruan akordioak lortzeko dei egin die gainerako alderdiei.

Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkariak bat egin du Foro Sozialak atzo Euskal Herrian bake bidean aurrera egiteko egin zituen gomendioekin, gomendio horiek bat egiten dutelako EA behin eta berriz egiten ari den proposamenekin, alderdiak pasa den astean egindako Biltzarrean onartu zuen txosten politikoak biltzen dituenekin, hain zuzen ere.

Badiolaren iritziz, Foro Sozialarena ekarpen baliogarria da egungo oztopoak eta inmobilismoa gainditzeari begira eta, hori dela eta, dei zuzena egin die gainerako alderdiei, bereziki PPri eta PSEri, “euskal gizarteari bizkarra eman ez diezaioten, gizarteak akordioak eskatzen baititu Euskal Herrian bakea eta normalizazio politikoa lortzeko”.

Azkenik, Komunikazio idazkariak esan du “EAk Foro Sozialarekin elkarlanean jarraituko duela, eta arduraz eta aktiboki parte hartuko duela bakea eta normalizazio prozesuan aurrera egiteko asmoz eratzen diren foro guztietan”.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA