Urriaren 25a ospatzeak zatiketa politikoa eta soziala dakarrela dio Pello Urizarrek, eta Euskararen Eguna ospatzearen alde egin du, hizkuntza denon ondarea eta gizarte-kohesio eta batasun faktorea delako. Mozio bat aurkeztu du Legebiltzarrean osoko bilkuran eztabaidatzeko.
EH Bilduk mozio bat aurkeztu du Legebiltzarrean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako jai-egutegia aldatzeko. Zehazki, Gernikako Estatutua onartu zen dataren ospakizuna, urriak 25, bertan behera utzi eta, horren ordez, Euskararen Nazioarteko Eguna, abenduak 3, jaiegun izendatzea proposatu du koalizioak. Pello Urizarrek azaldu duenez, “mozioaren helburua argia da, zatiketa politikoa eta soziala dakarren data bat jai-egutegitik ateratzea eta, horren ordez, batasuna sinbolizatzen duen beste bat izendatzea”. Zentzu horretan, erantsi du Urizarrek, “euskara, Euskal Herriaren berezko hizkuntza, euskal herritar guztion ondarea da, herri honen nortasun ikur nagusia eta, hizkuntza guztiak bezala, gizarte-kohesio eta batasun faktorea”.
EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri ditu Aburto sailburuak iragan ostiraleko osoko bilkuran emandako azalpenak, argi utzi baitzuen Jaurlaritzak ere uste duela Estatutuaren ospakizuna gehiengo artifizial batek inposatu zuela, jaiegun horrek herritar gehienen atxikimendua ez duen arren. Horri jarraituz, Urizarren iritziz, “ez du zentzurik gizartea zatikatzen duen jaiegun bat mantentzeak; izan ere, data hori gutxiengo politiko batek inposatu zuen Legebiltzarrean herritar guztien borondate politikoa islaturik ez zegoela baliatuz”.
Urriaren 25a jaiegun izendatu zuen legea indargabetu beharra azpimarratzeaz gain, EH Bilduren ordezkariak adierazi du “horrelako jaiegun batek ordezkatu behar duena, batasuna eta kohesioa, alegia, hobekien sinbolizatzen duena Euskararen Eguna dela, euskal gizarte osoak babestu eta sustatu beharreko ondaretzat hartzen duelako euskara, eta onartzen duelako hizkuntza, pertsonen arteko batasunerako eta kohesiorako tresna izateaz gain, herri gisa identifikatzen gaituen ikur nagusia dela”.