UPNk Europako gomendioak alboratuz eta euskararen normalizazioaren aldeko ekimen guztiak oztopatuz jarraitzen du lotsagabe, horregatik, EAk lanean jarraituko du nafarren hizkuntz eskubideak bermatu daitezen
Eusko Alkartasuna alderdiaren arabera albiste benetan pozgarria da eta positiboa gizarte osoarentzat, ETBk Iruñerriko Erreniegako eta Ezkabako seinale analogikoa digitalizatzea, eta beraz, bihartik aurrera zonalde horretako herritarrek euskara hutsezko telebista bakarra LTD bidez ikusi ahal izatea. Aurrerapauso honekin irtenbidea ematen zaio, azkenerako, nafarroako gizartearen aspaldiko eskari bati eta, agerian gelditzen da, halaber, Iruñerrian ETBren emisioa bermatzeko prozesuan azaldutako traba guztiak interes politikoekin eta borondate faltarekin lotuta zeudela.
Albiste horren aurrean Nafarroako Gobernuak erakutsitako jarrera erabat onartezina da; berriro ere, UPNk, euskaren aurkako bere obsesio horretan, Nafarroan dagoen hizkuntza aniztasunaren aurka egiten du modu sistematikoan. Jarrera lotsagabe eta onartezinarekin, egunez egun, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunean jasotako oinarrizko eskubideak urratzen dituzte baita Europatik Nafarroari espreski eginiko eskakizunak ere, besteak beste, euskara hutsezko telebista bat bermatzea. Eta horretan dihardute. Nafarroako Gobernuko jaun-andereok, ilegala hori da, Europako itunak urratzea.
Bistan denez, UPNren eta PPren erantzuna beti da bera, hizkuntza eskubideen alorrean aurrera pausoak ematearekin loturiko edozein ekintza eta ekimen oztopatu, ezkutatu edo galaraztea. Horren adibide garbia da, Nafarroako eta Espainiako Gobernuek ETB ikustea ahalbidetzen zuen antena bat jartzeagatik EAren aurka hasitako gurutzada, 54.000 euroko zigor ekonomikoa ezarriz eta gaia Auzitegi Nazionalera bideratuz.
Eusko Alkartasunak lanean jarraituko du euskararen normalizazioaren alde, ETB Nafarroako eremu geografiko osoan ikustearen alde, eta nafarrek komunikazio alorrean eta gainontzeko alor guztietan dituzten hizkuntza eskubidea errespetatu eta bermatzearen alde.