Legealdia hasi zenetik 24 goi karguk utzi dute UPNren Gobernua. Bost kontseilari eta 19 zuzendari nagusi ordezkatuak izan dira euren karguetatik, departamentu osoen berregituraketa bultzatuz. Horrek dakarren guztiarekin. Zehatzago esanda, azken urtebetean, zortzi dimisio eta bi kargugabetze azaleratu dira Osasun Departamenduan eta Ogasun sailaren barruan bi goi karguk utzi dute kargua.
Gertaera horiek agerian jartzen dute Barcinaren Gobernuak Administrazioko oinarrizko sailetan eragin duen kaosa. Gero eta desadostasun handiagoak daude profesionalen eta Gobernuko kontseilarien artean, UPN burutzen ari den kudeaketa penagarriaren ondorioz, sistema publikoa desegiten ari delako, baita kudeaketan gardentasunik ez izateagatik ere (adibide bezala Foru Ogasuna, Nafarroako Unibertsitatea eta Osasuna taldea bezalako kasuak).
UPNren Gobernua agortuta eta kolapsatuta dago. Egunetik egunera handiagoa da bere gaitasun eza herritarren arazoei erantzuna emateko. Enplegu planik gabe, 50.000 lagun lanik gabe, alor fiskalean helbururik gabe, ustelkeria kasuez lepo…. Eta hala ere UPNk uko egiten dio eragin duen gobernu krisiaren ondorioak bere gain hartzeari.
Aitzitik, Gobernuko presidenteak, herritarren beharretatik urrun eta konponbide benetako eta eraginkorrak eman ezinik, adorea du Madrilera joan eta mamuak esnatzen ibiltzeko; bere Gobernuaren porrot errenkada estali nahian. UPNren erregimena gainbehera dator eta Barcinak kanpoko laguntzaren bila dabil, Nafarroan dagoeneko ez duelako sinesgarritasun eta babes sozialik.
Krispazioa bilatzen duten adierazpenekin, Barcina anderea bere axolagabekeriagatik eta seriotasun eta zorroztasun ezagatik nabarmendu da. Ardura minimorik ere ez duela erakutsi du. UPNk kudeaketa, analisi eta erantzun gaitasun oro galdu ditu eta etsita zitalkerien eta intoxikazioen estrategiara jo du, hautsak harrotzeko asmoz.
Aipu zehatza merezi du UPNk D ereduaren aurka hasitako erasoak. Gobernua baita Nafarroako Hezkuntzaren aurkako arrisku handiena. Gobernuaren murrizketek ehunka langile utzi dituzte kalean, eta lan baldintzak eta ikastetxeen kalitatea okertu. Gobernuak ezarritako erreforma atzerakoi, zentralista eta sektarioek hondamena ekarriko dute Nafarroako hezkuntza sistemara. Gobernuari etorkizuneko zutabe den hezkuntza babestu eta defendatzea dagokio, ez kriminalizatzea.
Baina badirudi Exekutibo honen lotsagabekeriek ez dutela mugarik eta orain, Barcina, Madrilen azpijokoen teoriak aurkezten dabil, nola inguru abertzaleak administrazioa kutsatu nahi duen… errealitatea bestelakoa denean. Alegia, UPN prestigiozko profesionalak administrazio publikotik aldentzen ari denean. Sistema osoan sare klientelista bat sortu duena eta sail guztietako langileen artean gogo eza zabaldu duena UPN da.
Nafarroako Gobernuak Administrazioa esparru pribatu bihurtu nahi izan du eta orain haserre bizian ageri da Administrazioa hiritar guztiei irekitzea proposatzen dugunean, nahiz ideologia batekoak edo bestekoak izan. Galdera da: zergatik UPNrentzat eskandalu bat da ideologia desberdinak administrazioaren parte hartzea, baita goi karguetan ere? Logikoa eta normala izan behar luke. Agian administrazioan egin dituen iruzur eta gehiegikeriak azaleratzeari beldurra diolako izango da.
Nafarroako eskuina dena ETA den iraganeko baliabide politikoetara itzuli da. Baina agerian dago Nafarroako gizartearen gehiengoak irmoki egin duela bakea eta normalizazio politikoaren alde, eta beraz, Gobernuari eskatzen diona arduraz jokatzeko da. UPNk, ordea, beldurra erabili nahi du etekin politikoak lortzeko. Hala ere, Eusko Alkartasunan argi dugu, eta herritarrek ere argi dute, kezkagarriena UPNren beste legealdi bat dela.
Nafarrek gizarte heldu eta hezia osatzen dute, argitasun osoz jasotzen dute UPNren porrota eta ardura eskatzen diote. Politika egiteko modu berriak eskatzen dituzte, UPNren krispazio estrategiekin ikustekorik ez dutenak. Kanpaina lotsagarri horiek baina ez gaituzte segundo batez ere aldaketa politikoaren oinarriak finkatzetik despistatuko.