2014. urtea oso garrantzitsua izango da Estatuan eta Europan erabakitzeko eskubideari dagokionez.

Hamaika aldiz esan izan da herriaren borondateari mugak jartzea ezinezkoa dela. Ba aurten Eskoziak eta Kataluniak hori egia dela erakutsiko dute, eta horrek eragin zuzena izango du Euskal Herrian. Guztiok barneratu dugu hori dagoeneko, erabakitzeko eskubidearen alde gaudenok zein subiranotasun prozesuen ondoren munduaren akabera datorrela diotenek ere. Erabakitzeko ordua hurbilago dugula dakigu. Horrexegatik ari dira mugak eta baldintzak jartzen eta beldurra zabaltzen. Baina ez du ezertarako balioko.

 

Mugak jartzen saiatzen dira eta etorkizuna erabaki dezakegula diote, baina Espainiako Konstituzioaren mugak gainditu gabe. Eta hori kontraesan sakona da ukiezinezko Konstituzioa baita erabakitzeko eskubidea erabiltzea eragozten diguna. Prozesua baldintzatzen saiatzen dira eta bozkatzekotan “Espainia osoak” bozkatuko duela esan. Baina hori ere absurdoa da, herri bakoitzak bere etorkizuna erabaki behar duelako. Eta beldurra ere baliatzen dute, independentziaren ondorioak erabat gaiztoak izango direla esaten baitigute. Horrela, Europar Batasunetik at geratuko garela diote; antza, europar hiritar bezala ditugun eskubideak galtzeaz gain, Euskal Herria Europako mapatik ere desagertuko da.

 

Estatuaren erasoa jasaten ari gara, dudarik gabe, eta Estatuak hamarkadetan elikatu dituen ultraeskuineko eragile guztien laguntza du. Hala ere, baikortasunez ikusi behar da, ukatze hutsetik kalteak gutxitzeko estrategiara pasatu direlako, datorrena geldiezina dela barneratuta.

 

Erabakitzeko unea atzeratzen ari diren bitartean gainera, errealitatea Espainiako batasunari interesatzen zaiona dela konbentzitzen saiatzen dira. Javier De Andrés, Arabako aldun nagusiak esandakoa da horren erakusle. De Andrés Araban bizi garenon eskubideen bermatzaile nagusi agertzen saiatu zen eta Euskal Herrirako marko juridiko berria lortzekotan herrialdearen berezitasunak bermatuko dituen baldintzak exijituko dituela iragarri zuen.

 

Eta galdera batzuk bururatu zaizkit. Arabaren berezitasunak? Hain berezia al da Araba? Eta zeintzuk dira berezitasun horiek, Laudioko ezaugarriak, Zigoitiakoak, Bastidakoak edo Gasteizkoak? Eta nork erabakiko du berezitasun horiek bermatzea zertan datzan? PPk?

 

Euskal Herrian nagusi den abertzaletasunaren aurka baliatu ditu espainolismoak Araba eta Nafarroan izandako hauteskundeetako emaitzak. Herrialdekeria abertzaletasunaren kontra. Foruak independentziaren aurka. Eta ondorioak ezin okerragoak izan dira, Nafarroako egungo egoera politiko eta instituzionalari begiratzea baino ez dago.

 

Nafarroako politika Estatuaren biziraupenerako lehentasun bezala hartzeak sortu du sistemaren ustelkeria, eta gizartea pairatzen ari da. Araba ere Estatuaren batasunerako fitxa bezala erabili izan da behin baino gehiagotan. Eta helburu jakin batekin egiten dute: erabakitzeko eskubidea Euskal Herriaren gehiengoaren babesa ez duela irudikatzeko.

 

PPko ordezkari instituzionalek arabar guztion izenean hitz egiten dute. Horrela, Arabako Foru Aldundiko Gobernuan egoteak hiritarren gehiengoak PPrekin ados dagoela esan nahi duela adierazi nahi dute. Baina hori ez da horrela. PPk foru hauteskundeak irabazi zituen, bai, baina egia da ere abertzale eta estatuko indarren arteko tartea oso estua izan zela eta Arabako Gobernuaren osaketa, Nafarroakoa ere, Estatuaren interesen menpe jarri zela. Azken hauteskundeetan, autonomikoetan, PP laugarren indarra izan zen Araban eta askoz ere bozka abertzale gehiago egon ziren estatalista baino.

 

Edonola ere, oso esanguratsua da Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea ukatzen dutenek Arabarena defendatzen dutela, herrialdeak independentzia prozesuaren kontra egin dezakeela pentsatuta. Baina ez da horrelakorik gertatuko, Arabako egoera politiko sozialak ez du horretarako ematen. Eta gainera, norbaitek egoera aldatu dela pentsa badezake ere, apur bat atzera begiratuta Araba espainolistaren ideia iruzurra dela egiaztatu dezakegu. 1987an Eusko Alkartasunak eta Ezker Abertzaleak –gaur EH Bildu osatzen duten indarretako bik- espainiar konstituzionalista guztiek baino ordezkari gehiago zituzten Arabako Biltzar Nagusietan. Herri honetako historiak, EAJk egindako hautuak eta denbora gehiegi iraun zuten ezinikusiek erakundeetako argazkia aldatu zuten baina ez gizartearen errealitatea.

 

Zenbakiak gora behera, erabakitzeko eskubidea erabiltzea positiboa da, demokratikoa eta euskal gizartearen gehiengoak aldarrikatzen duena. Arabarrok ere galdetu diezagutela nahi dugu, inork gure nahia zein den esan beharrean.

 

Esan bezala, erabakitzeko eskubideak aurrerapausoak emango ditu aurten eta Arabako gizarteak horiek babestuko ditu, zein berezi garen guk erabaki nahi dugulako.

 

Patxi Martínez de Albeniz

Eusko Alkartasunako Arabako koordinatzailea