Kazetaria: Enekoitz Esnaola
Ilun samar dago Pello Urizarren bulegoa (Arrasate, Gipuzkoa, 1968), EAren Donostiako egoitzan; beroa saihesteko, botata dauzka pertsianak. Begirada politikoa, aldiz, zabalik du: EA, EH Bildu, Eusko Legebiltzarra, Nafarroa, bakegintza… Kafe bat hartu du elkarrizketa hasi aurretik.
Azken berriak dira Bateragunekoa —zigorra berretsi du Konstituzionalak— eta ETArena —jarduera armatuaren egiturak desegin dituela esan du—. Norabide desberdineko berriak al dira?
Bistan da baietz. 2009an izan zen Bateragune auziko operazioa, eta hasieratik ikusi zen apustu politiko eta demokratiko baten kontrakoa zela. Azken erabakia dela eta, zigorra osorik bete beharko dute Otegik eta.
PSOE zen 2009an gobernuan.
Bai, Zapatero zela presidente. Eta, urte batzuk lehenago, Zapatero bera idazkari nagusi zuen PSOEk bultzatuta egin zuten Alderdien Legea. Konplexuz beteta daude sozialistak, eta batzuetan PP baino haratago joaten dira.
Bildu al zara Otegirekin inoiz?
Kalean ez. 2009ko ekainetik naiz EAko idazkari nagusi, ordurako EAk eta ezker abertzaleak hartu-eman batzuk bazituzten, baina nik EAren ardura hartu, udara etorri eta berehala atxilotu zuten Otegi. Kartzelan izan dut harekin hartu-eman bat, 2010ean, Logroñora bisita bat egin nionean.
ETAren neurriaz zer diozu?
Aurrerapausoa da. ETAri oraindik geratzen zaizkio pausoak emateko. Baina urratsak egin ditu, segitzen du egiten, eta baloratu beharra dago hori. Aldiz, Espainiako Gobernuak ez du pauso bat bera ere eman, eta batzuek harekin bat egiten dute; kezkagarria da hori.
Zer pauso berri eman beharko lituzke ETAk, hurrenkeran?
Lehenik eta behin, armagabetzea ezinbestekoa da. Harengan ez dut oztoporik ikusten horretarako. Baina zailtasunak ditu, egiaztatzaileen kasuan frogatu zen bezala. Bestela, nire ustez, azkarrago egingo luke prozesua.
Eragile ez-armatu gisa geratuko litzateke ETA, ematen duenez.
ETAk politikan ez dauka ekarpenik egiteko. Hori beti esan izan du EAk. Erakunde zibil gisa geratzeak prozesua bukaeraraino eramatea ahalbidetuko lioke: presoak, biktimak… Hori ondo ikusten dut.
Aurretik egon al zen halako prozesu bat hasteko aukerarik?
Aurretik aukera asko galdu da, eta denbora aurrera joan ahala arazoak handitu egin dira. Noiz zen armak uzteko garaia? Baten batek esango du hobe izango zela inoiz hartu izan ez balituzte armak. Baina sasoi batean herri guztietan denok kantatzen genuen Carrero voló, ezta? ETArekiko pertzepzioa aldatuz joan da Euskal Herrian, eta hemendik kanpo ere bai. Beraz, konponbidea zaildu egin da. ETAk aspaldi galdu zuen babesa. Lizarra-Garazikoa izan zen aukera on bat gaurko prozesua hasteko.
2010ean ezker abertzalearekin itun estrategikoa sinatu zuen EAk, eta 2011tik Bilduren barnean zaudete. Borroka armatuaren zergatien gainean ikuspuntu bera izan al duzue urteotan?
ETAri sekula ez diogu aitortu ordezkaritza politikorik, eta ez diogu aitortuko gero ere. Ordezkari politikoak herritarrek hautatutakoak dira. Horretan guztian ez dugu arazorik izan Bildu barruan, adostu baikenuen bidea beti indarkeriarik gabekoa, zibila eta demokratikoa izango dela. Hala izan da. Gainera, ikusi da: gure apustua gizarteak babestu egin du, eta ETAk, onartu.
Bakegintzan zer egiteko du Urkulluk, Jaurlaritzako lehendakari gisa?
Nik uste Urkulluk ez duela larregi sinisten berak bultzatzen dituen ekinbideetan. 2011ko urrian Aieteko Konferentzia eta ETAren erabakia izan ostean ez nuen ikusten konbentzimendu handiarekin, baina neure baitan pentsatzen nuen agian ez zuela nahi asko mugitzerik Patxi Lopezek lehendakaritza utzi eta berak hartu artean. Lehendakari da orain, 2012 bukaeratik, eta nora ezean ikusten dut. Urkulluk aukera ona du berak lidergoa hartu eta 50 urte hauetako orri honi buelta emateko. Gerora gogoangarri izateko protagonismoa nahi badu, gure partetik arazorik ez; sustatuko dugu, baldin eta gatazkaren ondorioak gainditzeko bada.
Urkulluk dio Rajoyri bakegintzarako neurriak proposatu zizkiola. Jendaurrean ez ditu jakinarazi. EH Bilduk ba al daki zerbait?
Guk eskatu genion esateko zein diren neurri horiek. Ez zigun erantzun. Gainera, hanka sartzen ari da, gurekin, behintzat, ezer adostu gabe ari delako gai honetan. Urkulluk EAJren ordezkari gisa ikusten du bere burua, ez EAEko herritar guztion ordezkari gisa. Eta, gainera, Rajoyk ez dio batere kasurik egiten, eta mespretxuz ere tratatzen du.
Rajoyk hilaren 30ean Masi «ez» esaten badio, Masek badu prozesu bat Katalunian. Urkullurekin bildu, eta «ez» esaten badio, zer dauka Urkulluk?
Instituzionalki, behintzat, ez dago burujabetza prozesurik. Autogobernu lantaldean, datorren urteko maiatzera arte ez da ezer mugituko. Orain dela hamar urte ere egin zen saio bat. Nazioartean burujabetza prozesu batzuk azkartu dira, baina gurean barne egoera lehengo bera da, eta, gainera, usteltzen ere ari da. EAJk ez du eztabaida hori sustatu nahi 2015eko udal eta foru hauteskundeak pasatu arte.
Bitartean, zer?
Gizarte zibilak indartzen segitu behar du. Gure Esku Dago-k mugimendu handi bat egin du aurten, giza katearekin. Egin kontu datu honi: 2012ko Diada aurretik PPren babesari esker zegoen CiU Generalitatean. Begira nola aldatu diren gauzak Katalunian; gizarte zibilak baldintzatu du hori.
EH Bilduk berak zer egingo du instituzionalki?
Gizarte zibilaren eskaerari bide emateko lan egingo dugu erakunde desberdinetan.
2015eko hauteskundeetara begira zer aurreikuspen dituzue?
Ilusio handia dugu hauteskunde horietarako. EH Bildu oso indar orekatua eta indartsua da Hegoaldean: Gipuzkoan lehen postua sendotua dugu; Araban irabazteko moduan gaude; Bizkaian egonkortua dugu bigarren postua, eta Nafarroan UPNren gobernu alternatiba gara.
Podemosen sarrera zuentzat mesederako ala kalterako da?
Ez digu kalterik egingo, betiere herri gisa pentsatzen badugu. Erabakitzeko eskubidea aldarri demokratiko bat da, ez abertzaleena soilik, eta Podemosek aintzat hartzen du eskubide hori. Beraz, zabaltzen ari den eskubide bat da.
Hauteskunde osteko itunei begira zer egiteko izan dezake Podemosek? Zuen aliatu ote? Europako bozetan, Hego Euskal Herrian 72.000 boto lortu zituen, %7ko babesa.
EAEri dagokionez, PSE eta PP beheraka doaz, eta EAJri zail egingo zaio haien babesarekin —akordioarekin edo akordiorik gabe— EH Bilduk boterea ez hartzea gehiengo osorik gabe gehien bozkaturiko zerrenda garen kasuetan. Ikusiko dugu Podemosek zer egiten duen hor. Lehenengo kontua, baina, guk geuk gizartearen babes handia lortzea izango da. Hiru urteotan jendeak ikusi du gauzak beste era batera egiten ditugula eta onerako direla.
EAJren eta zuen arteko EAEko lehiak traba egingo al dio Nafarroako egoerari? Han, ematen duenez, Geroa Bai eta EH Bilduren arteko akordioa beharko da.
Beti baldintzatu dezake, baina Geroa Bai ez da EAJ. Begira EAJk zenbat boto lortu dituen Europako hauteskundeetan Nafarroan, marka propioarekin aurkeztuta: 5.000. Geroa Bairen emaitzetatik oso-oso urrun, beraz.
Geroa Bairekin hizketan ari al zarete?
Harremana badugu.
Zer aukera daude Nafarroan aldaketa egiteko?
Botoek esango dute, baina gure partetik dena egingo dugu UPN gobernutik kentzeko. Ez dugu jarrera baztertzailerik izango, eta, emaitzengatik, EH Bildu ezingo dute baztertu. Posizio zentral batean egongo gara.
Nafarroan aldaketa balego, zer pauso emango zenituzkete lurraldetasunari begira?
Aukerak jorratu beharko lirateke, esparru bakoitzeko errealitateak errespetatuz. 1995-1996an Nafarroako Gobernuan izan ginen, PSN eta CDNrekin, eta 1996an EAE-Nafarroa organoa onartu zuten bi erkidegoetako legebiltzarrek. PSNren ustelkeria kasu bategatik aldatu zen gobernua Nafarroan, eta UPN sartu; harrezkero hor dago.
Hauteskunde programan, lurraldetasunaz proposamen zehatzik jarriko al duzue?
Euskal lurraldeen artean harreman normalizatuak edo, hobeto esanda, lehentasunezkoak izateko pausoak emango ditugula jarriko dugu, egitura jakin bat aipatu gabe. Urratsak beti era progresibo batean egingo lirateke, lurraldetasuna aintzat hartuz.
Instituzionalki burujabetza prozesu bat hasteko, Nafarroa ezinbestekoa al da?
Bai. Nafarroa gabe ezin da hasi halako prozesurik.
UPNk segituko balu agintzen?
Beste lau urtez itxaron beharko genuke, burujabetza prozesu bat instituzioetatik ezin daitekeelako garatu gizartearen babesik gabe. Prozesuak Hego Euskal Herrikoa izan behar du. Orain dela 30 bat urte aukera bat galdu zen. Orain daukagu beste aukera on bat.