Idazkari nagusia buru duen Eusko Alkartasunako delegaritza batek Diadan parte hartuko du gaur, EH Bilduren ordezkaritzaren baitan.
Pello Urizarrek azaldu duenez, “beraien etorkizunerako horren erabakigarria den momentu honetan kataluniar gizartea babestera” joan dira Bartzelonara. Idazkari nagusiak esan duenez, “erabakia hiritarren esku dago, eta Rajoy erabat jokoz kanpo dago”.
Kataluniako gizartea zoriondu du Urizarrek, “garatzen ari den subiranotasun prozesua bikainagatik”. Prozesuak “Kataluniako alderdi politiko gehienen babesa du baina ez litzateke posible izango nor den eta zer nahi duen argi duen gizarterik gabe”.
“Gizarteari babesa adieraztera gatoz”, esan du Urizarrek, baina “hemengo errealitatearekin ditugun kontaktu guztiak aberasgarriak dira euskal bidea eraikitzeko prozesuan”. Bi prozesuak ezberdinak dira, aitortu du Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak, “baina oinarri bera dute: demokrazia”. Izan ere, “erabakitzeko eskubidea, demokrazia da; etorkizunerako nahi duguna erabakitzea ona da euskal gizarte osoarentzat, katalan guztientzat ona den bezala”.