EAren arabera, “jazarpen juridikoak ETBren seinalea normalizatzeko borondate politiko faltari erantzuten dio” eta jakinarazi du helegite bat jarri dutela eta Europaraino eramateko prest daudela, “nafarren hizkuntza eskubidea babesteko”

 

Auzitegi Nazionalak Eusko Alkartasunaren aurkako zigor ekonomikoa berretsi du, Iruñerrian ETBren seinale digitala jasotzea ahalbidetzen duen antena bat jartzeagatik. Sententzia oraindik behin-behinekoa zenean ordaindu zuten 54.000 euroko isuna.

EAk jakinarazi du azkeneko helegite bat jarri dutela eta “beharrezko balitz” Europaraino joanen direla “nafar herritar guztiek ETBko kanal digitalak askatasunez ikusteko duten eskubidea defendatzeko”. EAren esanetan, bai antena zigilatzerakoan eta baita zigor espedientea tramitatzeko moduan, agerian geratu da “gibelean erabaki ideologikoa bat dagoela, Nafarroan euskal telebista jasotzea eragoztera bideratua”.

Era berean, sententziak gehiegikeria juridiko bat mahai gaineratzen duela salatu dute, Estatu abokatuak berak ez zeudelako ados irrati-elektriko frekuentzien gaineko eskumenak Nafarroarenak diren edo ez zehazterako orduan. Azkenean, Auzitegi Nazionalaren esku geldituta sententzia ebazteko ahalmena.

Estatuak ETBko kanalak debekatzearen inguruan

Zentzu horretan, EAtik salatu dute Industria Ministerioak Nafarroari bigarren multiplex bat ez ematea, Estatuak nafar herritarren eskubideen aurka egiten duen “eraso berri bat” dela, baita Foru Parlamentuko gehiengoaren borondatearen aurkakoa ere, behin eta berriz eskatu baitio UPNren Gobernuari ETB LTD bidez ikustea erraztu dezala.

Alderdiaren ustez, Auzitegi Nazionaleko ebazpenak eta baita PPk eta UPNk ETBren seinalea normalizatzeari etengabe ematen dioten ezezko zentzugabeak ere, “nafarrok ETB ez ikustea bilatzen duen borondate politikoari erantzuten diote”. Azkenik, nabarmendu du, “nafarrok dugun erabakitzeko gaitasunaren aurkako eraso zerrenda amaigabeari eta gure hizkuntza eskubideen urraketa etengabeari, ETB ikusteko debekua gehitu behar diogu; ez soilik nafar gizartearen gehiengoaren aldarriaren aurka, baizik eta Europatik Nafarroari egiten zaion errekerimenduari muzin eginez, besteak beste, Hizkuntza Gutxituen Eskutitza bete eta euskara hutseko telebista bat bermatzeko eskatzen baitio Nafarroako Gobernuari”.