Leire Pinedo EAkide eta EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzaren aurrekontu-proiektuari buruzko analisia egin du gaur Legebiltzarrean. Hona hemen bere irakurketa:
Jaurlaritzak 2015erako aurrekontu-proiektua onartu eta aurkeztu zuen atzo. Oraindik ez dugu jaso eta, beraz, oraindik ezin izan dugu sakon aztertu.
Hala eta guztiz ere, zenbaki nagusiak bai ezagutu ditugula eta, horiek ikusirik, lehenengo irakurketa bat, orokorra, egin nahi dugu agerraldi publiko honetan.
Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu aurrekontu-proiektu hori ez dela murrizketarik gabeko aurrekontu-proiektua. Proiektu horrek murrizketak pairatzen jarraitzera kondenatzen du euskal jendarte osoa, eta ez nolabaitekoak. Murrizketak oinarrizko arloetan: hezkuntzan, osasunean eta zerbitzu sozialetan.
Arazoa da Jaurlaritza ez dela bere betiko eskematik ateratzeko gai izan. Iazko eta aurreko urteetako aurrekontuen haritik segitzen du, eta balio ez duten eskemak errepikatzen ditu, beraz. Murrizketetan oinarritutako ereduan sakontzeak murrizketa gehiago ekarri behar ditu ezinbestean, eta hori da ikusten ari garena, ez besterik. Azken batean, betikoa egiten badugu, emaitza betikoa izango da. Horixe da Jaurlaritzak proposatzen diguna, betikoa egitea, nahiz eta guztiok dakigun hori egitearen emaitza zein izan den:
- Milaka lanpostu galtzea Osakidetzan,
- Milaka lanpostu galtzea irakaskuntzan ere bai,
- Ospitaletan itxaron-zerrendak gero eta luzeagoak izatea
- larrialdietarako gizarte-laguntzak ez ordaintzea,
- familia-lana eta enplegua bateragarri egiteko laguntzak desagertzea
- …
Aurrekontu osoa: 10.639 milioi, iaz baino 423 milioi gehiago (%4,1eko igoera).
Antza, kopuru orokor horren barruan txertatuta daude PSEk aurrekontuak babesteko eskatu zituen 150 milioiak.
Inork uste al du benetan 150 milioi (aurrekontu osoaren %1,4) nahikoa direla orain arteko murrizketak bertan behera uzteko?? Nahikoa direla Osakidetzan eta Hezkuntzan ordezkapenetan-eta galdu diren milaka lanpostuak berreskuratzeko?? Murrizketen bi adibide aipatzeagatik: ezagutu ditugun zenbakiak ikusita, argi dago kontziliaziorako laguntzak datorren urtean ere ez direla ordainduko. Eta gizarte-laguntzetan %7ko murrizketak indarrean dirau.
Bistan da ezetz, PSErekiko akordio horrek ez duela murrizketen amaiera ekarriko, baina ziurrenik hori ere ez da une honetan PSE kezkatzen duen elementu nagusia. PSE-PSOEren egoera politiko orokorra ikusita, datozen hauteskundeei begira dituen perspektiba eskasak kontuan hartuta, PSEk ez ditu aurrekontuak hartzen murrizketa sozialekin amaitzeko tresna gisa, baizik eta bere siglak irrelebantzia politikotik ateratzeko erakusleiho gisa.
Datorren urtean Jaurlaritzak 10.639 milioi kudeatuko ditu. Guk ez dugu esango, inolaz ere ez, diru-kopuru horrek azken urteotan pilatutako behar guzti-guztiak %100ean asebetetzeko aukera ematen duela. Hori esatea gezurretan aritzea litzateke, eta guk ez dugu horrelakorik egingo.
10.639 milioiko joko-zelaia dugu une honetan. Ez da EH Bilduk nahiko lukeen eszenatoki ekonomikoa. Are gehiago, behin baino gehiagotan esan dugun moduan, hori ez da, borondate politikoa izanez gero, posible genukeen eszenatokia. EAJ, PSE eta PP zerga-politika aldatzeko prest egon balira, orain Jaurlaritzak baliabide ekonomiko gehiago izango zituen.
Dena dela, esan bezala, dugun errealitatea dugu eta, gure gustukoa ez izan arren, 10.639 milioi euroko kopuru horri helduko diogu aurrekontuen tramitazioan eta negoziazioan.
Edonola ere, argi diogu aurrekontu-kopuru orokorra igo gabe posiblea dela kohesio soziala bermatzen duten eremuetan behintzat murrizketak bertan behera uztea. Finean, politika, neurri handi batean, lehentasunak ezartzea da, eta hori da Urkulluren Gobernuari eskatuko dioguna: lehentasunak zehaztu ditzala eta lehentasun horiek herritarrek egunero dituzten beharrekin bat egin dezatela.
Hori da EH Bilduren helburua datozen asteotako eztabaida eta negoziazioari begira, guk oraindik orain prestasun osoa dugulako murrizketarik gabeko aurrekontuak babesteko.
Berriz diogu: EH Bilduk murrizketarik gabeko aurrekontuak hitzartu nahi ditu. Hori da gure nahia eta gure helburua.
Horri begira, negoziazio-taldea izendatu dugu Jaurlaritzarekin batera bere kontuak aztertzeko, akordio batera iristeko asmoz. Guk hirurok gehi Dani Maeztuk osatuko dugu, EH Bilduren izenean, negoziazio taldea.
Guk lehentasun sozialak definitu eta ezarri nahi ditugu. Argi diogu hainbat esparrutan murrizketa bat ere gehiegizkoa dela. Hezkuntza, Osasuna, zerbitzu sozialak… arlo horietan jendarteak ezin du murrizketa gehiagorik jasan
Ez gara inozoak, eta jakin badakigu negoziazioa ez dela erraza izango. Aski zaigu atzo Gatzagaetxebarria sailburuak aurkeztu zituen zenbaki orokorrak ikustearekin. Sakon aztertuko ditugu, zenbaki txikienak ere bai, baina iruditzen zaigu Jaurlaritzak ez duela argi zeintzuk diren une honetan euskal herritarren lehentasunak.
- Nola ulertu bestela Segurtasun Sailaren aurrekontua Hezkuntzarena eta Osasunarena baino gehiago igotzea?
Horrelako gauzengatik diogu lehentasunei buruzko eztabaida funtsezkoa dela. Horrek markatuko du Jaurlaritzarekiko akordioa posiblea den ala ez.