Kataluniako herriari dagokion jardute demokratikoaren aurrean Rajoyk “beto eskubidea” besterik ez duela aldarrikatzen nabarmendu du Badiolak

 

Ikerne Badiola, Eusko Alkartasunako Komunikazio idazkariak, kataluniar herria zoriondu du “autodeterminazio eskubidea aldarrikatzea eta horretan jardutea erabaki duelako, dudarik gabe oztopo eta eragozpen guztien gainetik, Kataluniak erabakitze askatasunaren atzera eraginik gabeko bidea hasi du”.

Buruzagi abertzaleak nabarmendu du “atzo Katalunia festa demokratikoa izan zela, askatasunari eta demokrazioari trabak jartzen besterik ez dakien Gobernuaren aurrean. Azken honek bere energia guztiak bideratzen ditu kataluniar gizartearen borondate askea gutxiestera eta mespretxatzera”.

“Baina Rajoyren Gobernuak proposatzen duen beto eskubidearen aurrean –gehitu du Badiolak— askatasunaren jardunean sakondu behar da. Eta argi dago atzoko erakustaldi demokratikoaren aurrean, kataluniarrak beraiek nahi dutena izango direla”.

Azkenik, EAren buruzagiak gainontzeko indar politiko eta sozialei dei egin die Katalunian egiten ari diren bidearen antzekoa hasteko.