EAko idazkari nagusia, Pello Urizar, eta Bizkaiko Koordinatzailea, Joseba Gezuraga, alkategaiaren aurkezpenan izan ziren Bermeon

Idurre Bideguren, Bermeoko alkatea, izango da EH Bilduren Bermeoko alkategaia. Gaur egin du EH Bilduk Bidegurenen aurkezpen ekitaldia Bermeoko Taraska enparantzan, herritarren eta udal gobernuaren babesarekin. Bertan bideo bat proiektatu da legealdi honetan abian jarri diren proiektuen berri eman duena.

Idurre Bidegurenek 2011tik hona bermeotarron beharrizanei erantzutea eta Bermeoko etorkizuna lantzea izan direla Bilduren erronkak esan du. “Urte hauetan momentu onak eta momentu gogorrak ere bizi izan ditugu, eta guzti hauetan zeozer berria ikasi dugu; elkarlana eta partaidetza oinarri izanik, egoera ezberdinei ahalik eta hoberen erantzuten saiatu gara” adierazi du.

Bere esanetan, “zailtasunak zailtasun, oztopo guztiei aurre egin diegu”, besteak beste, “diru-laguntzen murrizketei, Madriletik etorritako aginduei, langileen eskubide urraketei, zorrei, epaitegietako kontuei,  eta denboralak eta suak sortutako ezbeharrei”. “Arazoak ez ditugu aukeratzen baina bai horren aurrean izan beharreko jarrera eta gurea argia izan da: irtenbideak bilatu eta aurrera begiratu beti”, azpimarratu du. Horretarako, bere esanetan, “funtsezkoak” dira “hurbiltasuna,  elkar ulertzea eta talde lana”.

“Hori izan da eta izango da etorkizunean ere Bilduren jarduteko modua arlo guztietan”, gaineratu du.

Elkarlana

Idurre Bidegurenek azpimarratu duenez, “argi izan dugu gauzak lortzeko erakunde ezberdinekaz elkarlana egin behar dugula”. Horregaitik,  “alderdikeriak alde batera itzi eta politika egiteko beste modu bat izan dugu eredu, herriaren interesagatik eskua luzatu dugu alkarlanerako”.

 

“Sutean kaltetutakoei laguntzeko, San Martinen epaileak lotutako etxeak amaitzeko, tenporalek suntsitutako portu zein hondartzetan, Gaztelugatxeko San Juanen egin beharreko lanetan, saihesbidea bezalako proiektu garrantzitsu batean eta bere sarbidea lortzeko, zaharren egoitzarako finantziazioa lortzerakoan eta beste hainbat eta hainbat gaietan elkarlana eta zubi lanak egin ditugu”, azaldu du.

 

Bilduren helburuak tokiko garapena bultzatzea, desoreka sozialei aurre egitea, herritarren ongizate maila hobetzea, herritar guztiak kulturaren jabe eta parte izatea eta antolamendu modernoa izan eta izango direla adierazi du. Esan duenez, “asko egin dugu arlo hauetan, baina oraindik asko daukagu egiteko, beti ere herritarren eskutik ”,  adierazi du.

Horrela, “herritarren partaidetza sustatzen jarraitzea” eta “gardentasunaren eta komunikazioaren aldeko apustua” egiten jarraituko dutela adierazi du. “Legealdi honetan parte hartze prozesua abiatu dugu Bermeon eta gardentasuna lortzeko helburuarekin sei hilabetero Udal Gobernuak agerraldiak egin ditugu gure kudeaketaren berri emateko eta herritarren zalantzak argitzeko eta euren iritziak eman ahal izateko”, azaldu du. Horrela, “antolakuntza modernoa da gure erronka, herritarren parte hartze aktiboarekin”, esan du.

Bidegurenek adierazi duenez, “2011tik hau guztia posible egitea herritarrei, langileei, bolondres eta herriko eragileei esker” izan da eta,  baita ere, “zelan ez,  Gobernu talde lanari esker”. “Alkate bat talde barik ez da ezer eta talde kideek erakutsitako konpromisoa eta egindako lana ezinbestekoak izan dira. Denon batuketak ematen dituelako emaitzik onenak. Eskerrik asko bihotz bihotzez”, azpimarratu du.

Azkenez, azpimarratu duenez, “azken urteetan politika egiteko modu berri bat bultzatu dugu, elkalanak, komunikazioak, gardentasunak, hurbiltasunak eta herritarren partaidetzak markatu dute gure estiloa eta horiek sendotzen joango gara. Politika egiteko beste modu bat martxan dago eta horrek jarraipena izatea nahi dugu”, nabarmendu du.

_IGP5066