EH Bilduk eta ALEk (Europear Aliantza Librea) elkarlanerako akordioa sinatu dute gaur, Europar Parlamentuan lan egiteko oinarriak ezarriz.
ALE estaturik gabeko nazio europarren koalizioa da eta Eusko Alkartasuna sortzaileetako bat da. Egun, Lorena Lopez de Lacalle, Eusko Alkartasunako Nazioarteko idazkaria ALEko presidente ordea da.
Eusko Alkartasunak beti lan egin du ALEren barruan, ERC, BNG, Chunta Aragonesista, SNPko eskoziarrak, Plaid Cymruko galesak eta Europako alderdi soberanistetako beste 30 bat alderdiekin batera. Eusko Alkartasunak alderdi horiekin izan duen lankidetzaren bidez, Europan egon diren azken bi prozesu soberanistetan lekuko izateko aukera eman du, biak, Katalunia eta Eskoziakoak ALEko kideak diren bi alderdien gidaritzapean garatu baitira neurri batean.
EH Bilduk hiru gai markatu ditu lehentasun bezala Europako legegintzaldirako: gatazkaren konponbidea, bake prozesua eta elkarbizitza; erabakitzeko eskubidea, eta justizia soziala. Hiru gai horiek ALErekin lan egiteko aukera eskaintzen dute, koalizio soberanista eta aurrerakoia baita.
Horrela, Josu Juaristi, EH Bilduko legebiltzarkidea eta Josep Maria Terricabras, ALE taldeko presidenteak elkarrekin lan egiteko akordioa sinatu dute, ezberdinen arteko elkarlanak helburu politiko eta gehiengo sozialak lortzeko baliagarriak direlakoan.
Elkarrekin lan egiteko akordioak honako gaiak hartzen ditu: bi aldeen helburuak dituzten intergrupoen sorreran elkarrekin aritzea; komisio eta delegazioetan egin beharreko lanetan elkarrekin aritzea; Nazioarteko Konferentziak elkarrekin antolatzeko aukerak aztertzea; aldebiko harremanak indartzea; egoerak eskatzen duenean elkarrekin prentsa aurrekoak antolatzea; Ikasketa mintegiak elkarrekin antolatzea. Guztia ahalbidetzeko lan bilerak egingo dira maiztasun jakin batekin.