“Euskal jendarteak etorkizunari begira aurrera egiten duen bitartean, Madrilek iragan beltzean ainguraturik eduki nahi gaitu”
Eusko Alkartasunak jarduera politikoa judizializatzeari uzteko exijitu dio espainiar Estatuari, gaur goizean Guardia Zibilak egindako atxiloketen harira. Eusko Alkartasunak salatu duenez, Estatua bere estrategiarekin tematuta dago, Euskal Herria iragan beltzean ainguraturik eduki nahian, euskal jendartea iragan hori gainditu eta denon artean etorkizun hobea eraikitzeari begira aurrera egiten ari den bitartean.
Eusko Alkartasunaren iritziz, gaurkoa bezalako operazioen bidez Madrilek bilatzen duen gauza bakarra gatazkaren konponbidea oztopatzea da, prozesu subirnanista eragozteko, eta berdin zaizkie horrek euskal gizartean izan ditzakeen ondorioak eta, are gutxiago, atxilotutako lagunengan eta euren senideengan dituenak.
Alderdi subiranistak ohartarazi duenez, Madrilen uste baldin badute modu horretan subiranismoa bere bidetik irtenaraziko dutela, oso oker daude. Horren ildotik, EAk demokrata guztiei dei egin die estrategia horrekiko desadostasuna adieraztera eta eremu eta alderdi guztietan estrategia hori gainditzeko lan egitera.