EAren arabera ETB ikusteko antena bat jarri izatetik etorritako jazarpen juridikoak euskal telebistaren seinalea oztopatzeko borondate politiko faltari erantzuten dio eta kezkatuta agertu da itzaltze analogikoaren ondorioz ETB desagertzeko aukerarekin
Auzitegi Nazionalak atzera bota du Eusko Alkartasunak jarritako helegitea, Estatu Administrazioak alderdiak ETBren seinale digitala Iruñerrian ikusi ahal izateko jarritako antena zigilatzearen ostean. EAren esanetan, bai antena zigilatzeko ekintzaren eta baita haren ostean etorritako jazarpen juridikoaren eta zigor ekonomiko neurrigabearen atzean, “agerian geratu da erabaki ideologikoa bat dagoela, Nafarroan euskal telebista jasotzea eragotzi nahi dute”.
“Irain onartezina da legezkotasunaren argudioak erabiltzea intentzio osoz nafar herritarren hizkuntza eskubideak urratzen jarraitzeko”, adierazi du Miren Aranoa EAren Nafarroako Lurralde Koordinatzaileak. “PPk eta UPNk legezko markoaren argudioa erabiltzen dute nafarron erabakitzeko gaitasuna eta ETB ikusteko dugun eskubidea erasotzeko, ahaztu egiten zaie baina legezko marko hori Europako legediaren aurkakoa dela”. Zentzu horretan, Europak Nafarroako Gobernuari egin zion errekerimendua gogoratu du, besteak beste, Hizkuntza Gutxituen Eskutitza bete eta euskara hutseko telebista bat bermatzeko eskatuz”.
“Gure aldetik bide guztiak agortzen jarraituko dugu nafar herritar guztien hizkuntza eskubideak babestu eta bermatzen jarraitzeko eta horregatik Auzitegi Gorenaren aurrean kasazio helegitea aurkeztuko dugu epai honen aurka. Halaber, Estatuko administrazioari, EAJri eta UPNri berehalakoan beharrezko baliabide teknikoak martxan jartzea exigitzen diegu, ahal bezain azkar Nafarroan ETB LTD bidez ikusteko”, adierazi du Aranoak. “Urgentea eta berehalako erantzunak eta babes legalak behar dituztenak nafarren hizkuntza eskubideak dira, une honetan modu larrian urratuak direlako eta aurrerantzean, ETBren balizko desagerketarekin, amildegi baten aurrean gelditu daitezkeelako”.
Hain zuzen, EAtik kezka agertu dute apirilean iritsi daitekeen itzaltze analogikoak nafarroako herritarrak ETB ikusteko inolako aukerarik gabe utzi ditzakeelako, “euskararen normalizazioan atzera pauso larria litzateke hori”. Ondorioz, eragile sozial, sindikal, kultural eta linguistikoei dei egin diete Nafarroan ETBren emisioa aldarrikatu eta bermatzeko elkarlanean aritzera.