Euskal Herriaren egoera politiko aldakorra dela eta, une zehatz bakoitzean errezeta espezifikoak behar direla pentsa liteke, baina, egia esan, gatazka politikoa printzipio demokratikoaren eta normalizazio politikoaren bitartez bakarrik konpondu ahal izango da.
Bide horiek demokrazian sakontzea besterik ez dira, erabakia herritarren esku uztea baino ez. Normalizazio politikoak esan nahi du euskal gizarteak berak erabaki behar duela, betorik eta mugarik gabe, bere antolamendu juridiko-politikoa, eta printzipio demokratikoak adierazten du edozein gizartek bere egitura administratiboa erabakitzeko eskubidea duela.
Euskal Herriaren nazio eskubideek formulazio ezberdinak izan dituzte, besteak beste, Autodeterminazio Eskubidea eta Eskubide Historikoen bidea. Hala ere, helburua beti da berbera; alegia, euskal gizarteak bere egitura politiko-instituzionala eraiki dezala, bere nortasun nazionalaren arabera eta bere interes politiko, ekonomiko eta sozialei jarraituz.
Eusko Alkartasunarentzat azkeneko helburua euskal Estatu bateratua lortzea da, eta gaur egun helburu hori egingarria da Euskal Bidearen bitartez. Euskal Bidea printzipio demokratikoaren formulazioa baino ez da, propio Euskal Herriarentzat.
Europan prozesu independentistak martxan daude, estatu berriak ere sortzen dira eta arestian sortutako beste batzuk Europar Batasunean sartzen dira. Bada, Euskal Herria salbuespena da, erabakitze eskubidearen aldeko aldarrikapenari oraindik orain erantzun bakarra ematen zaiolako: EZ!!! Ezezkoek, hala ere, ez dute aldatzen ez errealitate soziala, ez euskal gizartearen sektore zabal baten independentzia grina.
Euskal Estatua eratzeko proiektua zilegi da. Are gehiago, burujabetzaren bidean aurrera egitearren abertzaleoi geratzen zaigun bide bakarra da, Estatuek uko egiten diotelako aurrerapen txikiena ere aintzat hartzeari. Eta aldebakartasuna bermea da azken erabakia euskal herritarren esku soilik egon dadin.
Euskal Herrian 2015ean baldintza egokiak ditugu burujabetzaren aldeko prozesuan aurrera egiteko. Gehiengo sozial sendoa; presentzia instituzional indartsua; Gure Esku Dago bezalako mugimendu bat, jendea erakartzeko eta mugitzeko gaitasuna frogatu duena; eta proposamen politiko zehatza, Euskal Bidea, arrakastaz sozializatzen ari dena. Baldintzak ditugu, proposamena dago eta burujabetzaren ordua da. Bidea ez da ez erraza ez azkarra izango, baina martxan gaude.
Euskal Herrian, 2015-04-02