Leire Pinedoren iritzi artikuloa. Eusko Alkartasunaren Nazio Batzorde Eragileko Politika Ekonomikorako idazkaria eta EH Bilduko legebiltzarkidea.
Duela egun gutxi, eta bigarren aldiz legealdi honetan, Jaurlaritza presaka batzartu behar izan da aldez aurretik Legebiltzarrera bidalitako lege-proiektu bat erretiratzeko. Gobernu batek horrelakoak egitea guztiz ezohikoa da eta agerian uzten du zer nolako gabeziak, zer nolako anbizio falta, dituen Urkullu eta EAJren Gobernuak. Lehenik eta behin, lehendakariak akordioak lortzeko duen ezgaitasuna islatzen du, eta zer beldur dion bazkide bat aukeratu behar izateari eta bere jarrera argitzeari, kalkulu elektoral hutsak direla eta. Bistan da, beraz, ez dela egia EAJ berak etengabe harrokeriaz aipatzen duen kudeaketa onaren eredu denik, ez baita gai izan euskal administrazio publikoaren funtzionamendu eraginkorra ziurtatzeko behar diren egiturazko legeak aurrera ateratzeko.
Hasteko, Administrazio Publikoaren Lege-Proiektua erredaktatzeko orduan Jaurlaritzak entzungor egin die bere egitasmo horren gabezia larriez ohartarazten zioten eta legeak euskal administrazio guztiak barne biltzeko eskatzen zioten gizarte eragileei. Bere burua parte-hartze sozialaren sustatzaile gisa aurkeztu arren, herritarren ahotsa entzun eta aintzat hartzen duela behin eta berriz errepikatu arren, Jaurlaritzak ez ditu hitz polit horiek praktikara eraman eta ez du horrela jokatu. Inondik inora. Harrigarria benetan, are harrigarriagoa kontuan hartzen badugu lege-proiektuaren atal garrantzitsu batek, teorian behintzat, helburu zuela gardentasuna bermatzea, gobernatzeko modu berriak bideratzea eta herritarrek gai publikoetan parte har dezatela ahalbidetzea.
Errealitateari bizkarra emanda, berrikuntzak eta eguneratzeak galarazten dituzten euren tabuekin itsuturik, inmobilismoan ainguraturik, lege-proiektuaren egileek Administrazio Publikoaren lege bat diseinatu zuten, baina Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren esparrura eta horren mendeko sektore publikora soilik mugatuta. Proiektutik kanpo geratu ziren espresuki foru administrazioak eta, noski, udalak, jeltzaleek administrazio lokalen arautzea etengabe atzeratu eta atzeratu egiten dutelako.
Oso deigarria da Jaurlaritzak uko egitea egitura publikoan ordena jartzeari 2015era iritsi garenean, jada 30 urte igaro direnean Lurralde Historikoen Legean marraztutako diseinu instituzionala, bere gabezia guztiekin, martxan jarri zenetik. Deigarria baita ere egungo krisi fiskalak agerian utzi duelako baliabide publikoen optimizazioa ezinbestekoa dela gizarte ongizatea mantentzeko. Harrigarria da gurea bezalako herri batean, bere dimentsio fisiko eta demografikoa kontuan hartuta, horrelako diseinu administratiboa edukitzea, hainbeste eragile sakabanatu eta aktiborekin. Eta bereziki adierazgarria da, halaber, haien arteko koordinazio falta. Garraio egiturak, esaterako, diseinatu, gauzatu eta kudeatzen dira sektore publiko ezberdinetatik; promozio ekonomikoa konpartimentu estankoetan banatzen da, tresnak eta zerbitzuak gainjartzen dira eta baliabideak xahutu egiten dira… Eta horrekin batera, marka bereiziak erabiltzeko ahalegin etengabe hori, gai garrantzitsuetan lehiatzeko, inbertsioak erakartzeko orduan, adibidez.
Horregatik, testuinguru honetan ulertezina da euskal sektore publiko bateratua arautzeko eta herritarrei Administraziorako sarbidea errazteko aukera alferrik galdu izana. Horri buruzko iritzia eman duten eragile ekonomiko eta sozial askok bezalaxe, guk ere ezinbestekotzat jotzen dugu EAEk Administrazio Publikoaren Legea edukitzea, baliabide publikoak modu egokian kudeatzea ahalbidetzeko eta administrazioen eraginkortasuna hobetzeko. Lege horrek euskal sektore publiko osoarentzako helburu eta oinarri komunak ezarri behar ditu, gardentasunarekin, informazio publikoa jasotzeko eskubidearekin, gobernu onarekin eta parte-hartzearekin engaiaturik. Finean, lege horrek herritarren eskariei era egokian erantzuteko aukera emango dio administrazioari, ongizate eta ekonomia arloetan eragile egituratzailea izan dadin.
Jendartea, gainera, inoiz baino kritikoagoa da administrazio publikoen funtzionamenduarekin, kontrol sistemekin eta gardentasunarekin eta, hortaz, jarduteko modu berriak exijitzen ditu eta trataera ezberdin bat nahi du.
Lege-proiektua erretiratu ondoren, Jaurlaritzak beste testu bat aurkeztu behar du orain, baina oso oker legoke akats berberak errepikatuko balitu. Gobernu honek agintaldi erdia baino gehiago agortu du dagoeneko, baina ez ditu etxeko lanak egin, legeak egiteko gaitasuna zalantzan dago eta lan egiteko hartu ohi dituen epeak –eta Legebiltzarrarenak– kontuan hartuta, ez du denbora gehiegi izango.
Gure iritzia ez dago hauteskundeen mende. Parte-hartzea bultzatu eta gardentasuna bermatuko duen testu bat espero dugu benetan. Administrazio guztiak barne bilduko dituen proiektu bat espero dugu interes handiz, euskal herritarren interesak behar bezala aintzat hartuko dituena, Estatuko legeari jarraitzera mugatu gabe, hori baino ez zuelako egiten jatorrizko egitasmoak. Labur esanda, Lurralde Historikoen Legearen hipotekak eta hutsak gaindituko dituen lege bat espero dugu, euskal sektore publikoa egituratzeko, kinka larrian dagoen Ongizate Estatua eraginkortasunez indartzeko tresna izan dadin, eta Administrazio modernoago bat lortzeko. Herritarrek proiektu bat eskatzen digu, eta alderdiok zor diegu.