Legebiltzarreko Enplegu Batzordeak amiantoak eragindako arazoak aztertzeko lantaldearen txostena onartu du aho batez gaur goizean, prozesu luze baten ostean. Izan ere, gaur onartu denaren jatorrian Juanjo Agirrezabalak 2011n EAren izenean aurkeztu zuen mozioa dago, Eva Blanco EH Bilduko legebiltzarkideak gogorarazi duenez. Blancoren iritziz, gaurkoa albiste ona da, Parlamentuak Madrilgo Kongresuari Amiantoaren Konpentsazio Funtsa sortzea eskatu diolako “eta, horrek, funtsak, alegia, kalte-ordainak errazago jasotzeko aukera emango die amiantoaren biktima izan diren langileei”. Izan ere, Blancok azaldu duenez, “gaur egun euren eskubideak defendatzeko duten bide bakarra judiziala da, eta auzi horien zama langileek beraiek eta euren familiek hartu behar izaten dute beren gain”.
EH Bilduko legebiltzarkideak, hala ere, gabeziak antzeman ditu gaur onartu den txostenean, batez ere ondorioetan eta aholkuetan zehaztasuna falta delako. Hala ere, “prozesua betikotzeko arriskua saihestearren, gutxieneko akordioa lortzea” lehenetsi du, nahiz eta, bere esanetan, “bertan zehaztu behar zen zeintzuk izan behar diren kalte-ordaina merezi duten patologiak, zein izan behar den kalte-ordaina bera, bere kopurua eta nola finantzatuko den Konpentsazio Funtsa eta abar. Hori guztia, ordea, ez da zehazten eta gomendio batzuen bitartez ateak zabalik uzten dira”. Horren haritik, hemendik aurrera eman beharreko urratsak argitu eta zehazte aldera, Blanco Konpentsazio Funtsak frantziar ereduari jarraitzearen alde agertu da; hau da, Estatuak (%10) eta, nagusiki, enpresen kotizazioen bitartez Gizarte Segurantzak (%90) finantzatutako erakunde publiko bat sortzearen alde.