Euskal Herri libre bat sortzeko bidean, bi dira markatuta ditugun ardatzak: aldaketa ekonomiko eta soziala bultzatzea, gizarte justu eta demokratiko bat lortzeko xedez, eta burujabetza prozesuan aurrera egitea, independentziara iritsi arte. Bi helburu eta lehentasun bakarra: eguneroko lana.
Une berezia bizi dugu Euskal Herrian, non iparretik hasi eta hegoraino abertzaletasuna, ezkerreko indarrak, gorantz doazen, sendotuz doazen. Areago, Nafarroan, non aldaketa iritsi den gehiengo berri, anitz eta aurrerakoien eskutik eta, erronka ugari ditugun, motzera zein luzera begira, lortzekoak. Nafarroako etorkizuneko gizartearentzat zein eredu nahi dugu garatu? Galdera horrek erantzun ugari ditu, guztiak ezberdinak, guztiak errespetagarriak. Baina guztiek behar dute nahitaez Nafarroaren eskumenak indartzea, haztea, zabaltzea. Eskumen ekonomiko zein sozialak, kultural zein linguistikoak… Nafarroak bere etorkizuna erabakitzeko eskumena berreskuratzeko garaia da. Ez soilik demokraziari lotuta dagoelako ezinbestean, baizik eta funtsezko tresna delako Nafarroan garapen ekonomiko, sozial eta demokratikoa bultzatzeko; baita kudeaketa publikoaren eraginkortasuna eta herritarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzeko ere.
Herritarrok egunerokoan kezka, behar eta amets ugari ditugu, eta guzti horiek asetzea da lehentasuna. Premiazko alorretatik hasi, hau da, pobrezia, politika sozialak, enplegua, zerbitzu publikoak eta etxebizitza, eta poliki-poliki, gizarte eredu berri horretan aurrera egin, pauso txiki eta irmoekin. Herria eraiki, hezi eta azkenik izena emateko. Hori da gure lehentasuna, orainaldiko arazoei erantzutea, irtenbidea ematea eta etorkizun oparoa eraikitzea. Gertatzen da guk benetan sinesten dugula etorkizun oparo hori Euskal Herria libre eta independente bat eraikitzetik pasatzen dela.
Gure etorkizuneko egitura juridikoa erabakitzea ez da une honetako lehentasuna Nafarroako herritarron gehiengoarentzat, aitzitik, horrek ez du esan nahi erabakitzeko eskubidea irmoki aldarrikatzeko garaia ez denik. Gizarte berri bat eraikitzea badugu helburu, irekia, aurrerakoia, askea, solidarioa eta modernoa izango dena, oinarrizko irizpide batzuk gure egin beharko ditugu guztiok, elkarbizitza eta errespetuaren ikuspuntutik. Eta funts demokratiko horietako bat da zalantzarik gabe, erabakitzeko eskubidea. Eusko Alkartasunak bere sorreratik defendatu du erabakitzeko eskubidea oinarrizko printzipio eta ariketa demokratikoa dela. Erabakitzea demokrazia da, eta ez dago demokrazia posiblerik herriari libreki erabakitzen utzi eta bere borondatea mugarik gabe errespetatu eta onartzen ez bada.
Nafarroan martxan den aldaketaren ezaugarri nagusia aniztasuna eta adostasuna dira. Ideia politiko eta pentsamendu anitzek bat egin dugu Nafarroako herritarrok gure etorkizunari eragiten dioten arlo guztietan erabakitzeko eskubidea dugula aitortzeko eta aldarrikatzeko. Gizarteko espazio anitzen artean konfiantzak sortu, elkarguneak bultzatu eta zubiak eraiki dira eta gehiengoa ados dator erabakitzeko eskubidea aldarrikapen abertzalea baino gehiago aldarri demokratikoa dela aitortzerakoan. Izan ere, erabakitzeko eskubidearen defentsa demokraziaren aldeko jarrera eta konpromiso irmoa da. Eta demokrazia bai, lehentasuna da.
Nafarroako gehiengo politiko berriak argi dugu: eskubidearen aitortzaren ondotik etorriko dira erabakia gauzatzeko urratsak. Eta gehiengo berriak irekitzetik, burujabetzarantz pauso bateratu eta adostuak. Ez dugu independentzia eguneroko jardun bilakatuko baina arduraz jokatuko dugu. Ez dugu ukatuko, ez ahaztuko, independentistak garela eta unean uneko lehentasunez harago, erabakitzea eskubidea dela, herri eta herritar ororen eskubidea.
Gure etorkizuna erabakitzen hasi gara nafarrok maiatzaren 24ko hauteskundeekin, gehiengo berriak eraikitzen ari gara eta guztion artean hartu beharreko erabakiak bata bestearen atzetik etorriko dira: ekonomian, politika publiko eta sozialetan, kulturan, hizkuntza politiketan, etxebizitza, gazteria, kontsumo eta garapen arloetan… Eta inoiz, nafarroa burujabe eta heldu bat izatera iristen garenean, dena delako formularekin, erabakiko dugu zazpiak bat egin nahi ote dugun. Erabakiko dugu askatasunez, lasaitasunez eta legitimitate osoz nolako etorkizuna nahi dugun, gure etxeari zein forma eta kolore eman nahi diogun, zein egituraketa den onuragarri, erakargarri eta errentagarriena nafar herritarrontzat.
Aldaketak, normalizazioa ekarri beharko du Nafarroara. Normalizazioa gure bizitzako alor ugaritara, asko izan baitira orain bitartean eta 30 urtez eskuinak harrotu dituen hautsak, mamuak eta hesiak. Euskarak eta euskal kulturak normalizaziorantz egin beharko dute, bakegintzan, bizikidetzan eta gatazka politikoan normalizazioa lortu beharko dugu, eta erabakitzeko eskubidearen eztabaida normalizatzeko ere lan egin beharko dugu. Horretarako diskurtsoa eraberritu, tabuak, beldurrak, ezjakintasunak eta zalantzak apurtu eta eztabaidara sentsibilitate politiko guztietako herritarrak erakartzea izango da datozen urteotako erronka.
Bitartean, igande honetan, EH Bildu osatzen dugu herritarrak Gure Esku Dago plataformak Iruñeko kaleetan eta zezen plazan antolatu dituen ekimenetan izango gara, ilusioz beterik, martxan den aldaketa albiste ona, paregabea, delako. Lortzen ari garen gehiengo berri, anitz eta zabal honetatik etorriko delako Nafarroa berria, eta horrekin, erabakitzeko eskubidearen aitortza. Gero gerokoak.
MIREN ARANOA ETA MAIORGA RAMIREZ