Eusko Alkartasuna subiranotasunaren bidean “aldebakartasunaren” aukeraren alde agertu da, bai Euskal Herrian eta baita Katalunian ere, espaniar Estatutik “ezer itxaron gabe”. Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Pello Urizarrek Donostian agerraldia egin du urtero bezala kurtso politikoaren balantzea egiteko.
Urizarrek ez du berriro ere hauteskundeen balantze bat egin, “jada eginda dagoelako”, baina Nafarroan gauzatu den “aldaketa garrantzitsua” bai mahaigaineratu nahi izan duela: “Uxue Barkos, Joseba Asiron, Artur Goldazarenak eta beste hamaika ordezkari instituzionalek aldaketa gorpuztu dute Nafarroan”, adierazi du eta gaineratu du aldaketa hau ez dela espainiar Estatuaren gustukoa. “Ezin da bestela ulertu, Nafarroak konpetentzia gehiagoren eskariaren aurrean Alderdi Popularraren ezetza”, adierazi du Urizarrek.
Eusko Alkartasunaren idazkari nagusiaren ustez, “espainiar Estatuko Gobernua hondoratzen ari da”. “Eusko Alkartasunaren ustez erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duen ororen aurka egingo du Madrilgo Gobernuak. Nafarroan bezala, Kataluanian ere ikusi dugu nola Konstituzioaren 155. Artikulua erabiliz Erkidegoan esku hartu nahi du. Estatuaren batasun nazionala defenditzeko PPren Gobernuak edozer egingo du, baita mehatxatu eta hertsatu ere”, esan du Urizarrek.
Zentzu honetan, gaineratu du Estatuak erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dutenen aurka ari dela: “Gobernu batek Kataluniak bizi duen prozesuaren aurka bere baliabide guztiak martxan jartzen dituenean -espainiar Estatuko erregea, kasu-, demokraziaren kontra ari da”, baieztatu du. “Are gehiago, mehatxu eta erasoak testuinguru oso konkretu batean gertatzen ari dira: espainiar Estatuko konstituzioaren erreforma mahai gainean dagoenean, hain zuzen ere. PPk eta PSOEk Espainiaren batasuna egonkortzeko erabili nahi duten erreforma, erabakitzeko eskubidea guztiz alderatuko duena”, esan du.
Egoera honen aurrean, oinarrizko eskubideen aurkako erasoen aurrean, Eusko Alkartasunak “aldebakartasunaren” alde egin du. “Eusko Alkartasunak argi dauka, aukera bakarra dago: gizarte zibilarekin bat subiranotasunaren bidean jarraitu, bai Katalunian eta baita Euskal Herrian ere, Madrildik ezer espero gabe”.