Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusia, independentzia eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du gaur Hendaian ospatu den Alkartasun Egunean. Alderdiaren 29. urteurrena ospatu du Alkartasun Egunak ekitaldi politikoarekin eta ohikoa den bazkariarekin. Bertan egon dira militanteak, zuzendaritza kide historikoak eta egungo zuzendaritzakoak. Ekitaldian Joseba Elosegiri omenaldia egin diote.
Urizarrek azpimarratu duenez, subiranotasuna diskurtso politikoaren zentralitatean dago Euskal Herrian, “mugimendu independentista garatzen doa gainera”. Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak Kataluniako prozesuak eragiten duen aukera aprobetxatzeko deia egin du: “aukera hori galtzen uztea ez da aukera bat, ez Eusko Alkartasunarentzat, egun atea zabalik dugulako baina ate hori itxita ez dakigu berriro noiz zabalduko den”.
Subiranotasuna da erronka, esan du Urizarrek: “Europan Estatu izatea. Subiranotasun osoa behar dugu gure gizartea garatzeko, eskubide sozialak bermatzeko, justizia soziala, Joseba Elosegik defendatzen duen ideia, lortzeko. Guzti hori lortzeko tresna bakarra dago: subiranotasuna. Estatutuak ez du funtzionatzen, subiranotasun partekatua ez dakigu zer den, federalismoa orain dugunaren bertsio modernoa da”.
Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak esan duenez, “gizartea eta historia epelkerien gainetik pasako da” eta beldurraren diskurtsoari kasurik ez egiteko deia egin du: “ mezu argia dugu Merkel eta gainontzekoei emateko: abertzaleok ez dugu mugarik nahi, ez hemen, Hendaia eta Irun artean, ez Hungarian”.