Nahiko argi dago egitura instituzionalari eragingo dion aldaketa izango duela Estatu espainolak datorren legegintzaldian. Horregatik dira horren garrantzitsuak datorren abenduaren 20ko hauteskunde orokorretan aterako diren emaitzak.
Inor gutxik defendatzen du aldaketarik ez dela egongo, eta beraz, arazoa ez da horrenbeste aldaezintasuna baizik eta aldaketaren sakontasuna eta norabidea. Izan ere, zaila egiten zaigu pentsatzea alderdi espainolek proposatuko duten aldaketa erabakitzeko eskubidearen harira joango denik, euskal gizarteak eskatzen duen bezala.
Guztiz kontrakoa, orain artean entzun dugunaren arabera Konstituzioaren aldaketak laugarren xedapen iragankorra –nafar jendarteak Hego Euskal Herriko gainontzeko herrialdeekin bat egin nahi duen erabakitzeko aukera ematen duena- edo Kontzertu eta Konbenio Ekonomikoaren aldaketak utzi ditzake.
Euskal Herria eta Kataluniako independentismoari aurre egiteko laborategian sortutako federalismoa defendatzen du PSOEk, baina bere zuzendaritzako kideak zein zentralista diren kontutan izanda guztiontzako kafea 2.0 bertsioa baino ezin da izan bere proposamena.
Podemos-ek itxaropena sortu zigun baina zenbait faktorek errealitatera itzuli gaituzte: ezkerretik aldendu eta zentrora hurbiltzeko estrategia, barnean zentralismo itzelarekin lan egiten ari dira, Kataluniako prozesuan izan duten jarrera eta, gainera, antza denez, ez dituzte horren emaitza bikainak lortuko.
Testuinguru horretan EH Bilduk datozen lau urteetan ordezkaritza sendoa izatea garrantzitsua da. Izan ere, independentzia defendatuko duena EH Bildu izango da, Kataluniako lagunekin batera. Helburua ez da Estatuak emango dizkigun apurrak hartu eta horiek kudeatzea: burujabetzako eskubidea gauzatu eta independentzia lortu, gizatearen borondatearen oinarriarekin.
Euskal Herriak etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea defendatzea izango da, zalantzarik gabe, EH Bilduk Espainiako Kongresuan egingo duen lanaren ardatza. Eusko Alkartasunak beti esan du Madrilera joan behar dugula, bai, alde egin nahi dugula esatera baina. Eta horrela izango da hurrengo legegintzaldian ere. Pentsatzekoa da ez dela gehiengo absoluturik egongo eta gobernatu edo proiektuak aurrera atera nahi duenak akordioak bilatu beharko ditu, beraz euskaldun eta kataluniar bloke independentista batek zeresana izango duela kontutan hartu behar da.
Eta subiranotasunarekin batera, justizia soziala, azken lau urteetako Espainiako Gobernuaren jarduerak lan eta gizarte eskubideak murriztu ditu eta egoera horri buelta eman behar zaio. Eta horretarako lan egiteko prest gaude.
Argi dago beraz, euskal talde independentistak –kataluniarrekin lan egin dezakeena- garrantzia izango du, indar guztiek aldaketak iragartzen dituztenean; batez ere gehiegi ezagutzen ditugunez, itxurakeri hutsak proposatuko dituztela badakigulako.
Horiek dira gure lehentasunak. Eta azpimarratzen dugu sarri esaten delako hauteskunde hauetan alderdi biren sistema amaituko dela, baina Euskal Herrian ez da inoiz horrelakorik egon.
Laburbilduz, Euskal Herriak Espainiako Kongresu eta Senatuan ahotsa izan dezan da gure helburua. Eta gure herriarena hotsa ozen eta argi entzun dezaten beti gure aukera izan den formularen alde egiten dugu: indarren batuketa. Zentzu horretan Nafarroako aldaketako indarrek Senaturako adostu duten zerrendak bidea erakusten digu. Euskal Herriari herri bezala eragiten dioten gaietan elkarlan hori Kongresura ere eramateko lan egingo dugu.