2010 eta 2011 urteetan Bildu sortzera eramango zuten akordio politikoak eman zirenean oinarri konkretu baten gainean izan ziren: lehenetsi dezagun batzen gaituena; herri honentzat funtsezkoa dena –bakea, burujabetza eta justizia soziala-, eta bigarren maila batetan utz dezagun banatzen gaituena.
Noski, jakin badakigu mota horretako akordioek luzera begirako begirada eta bilatzen diren helburuek eskatzen duten mailan jardutea dakarten arren, jada, esango nuke lehendabiziko egunetik ere, desberdintasunak agerian utzi nahi dituztenak agertzen direla, norberaren pentsamoladea, irizpideak eta baloreak direlako lehenetsi beharrekoak.
Bost urte t’erdi pasa dira ibilbide hau hasi zenetik, eta bidea egiten ari gara oraindik, EH Bildu ibilgailu egokiena bihurtzeko asmoz.
Egokitzapenak egitea eskatzen du horrek, eta horretan ari gara, baina zalantzarik gabe beste asko egitea tokatzen zaigu partehartzea eta erabakitzea ahalik eta demokratikoenak izan daitezen; EH Bildukide orok bere aportazioak kontutan hartzen direla zalantzarik izan ez dezan.
Baina egokitzapen edo hobekuntza oro oinarrizko printzipio baten baitan izan behar da, salbuespenik gabe: EH Bilduren proiektua bertan parte hartu nahi duen ororen etxea izan behar da, baldintzarik gabe, betorik gabe.
Bost urteko ibilbidea badaukagu, eta ibilgailua egunero egokitzen ari bagara ere, EH Bilduk zein helburu politiko eta sozial dituen argi dauka edonork. EH Bildu ez da anbiguotasunean igerian ari, gauzak argi adierazten ditu, eta ondorioz, EH Bilduren proiektura hurbiltzen duen orok badaki zein ate jotzen duen.
Azken hauteskundeetan EH Bilduko zerrendakide batzuk kritikatuak izan dira dituzten sinesmenengatik edo eta iraganean hartutako erabaki politiko batzuengatik. Noski, denak diztuzte sinismenak eta denak ere hartu dituzte iraganean erabaki politiko bat edo beste, baina antza, batzuen sinismenak –esparru pertsonalera mugatuak dauden arren- ez dira onargarriak, eta batzuen erabaki politikoak ere –esparru arantzatsua hau ere- mahai gainean agertu behar dira, behin eta berriz, denboraren amaieraraino.
EH Bildu etorkizunean zer izango den ez daki inork, baina egun gaudenak baino gehiago barneratzeko proiektua izan beharko da, dituen helburu estrategikoak lortzeko. Alderdi desberdinetan ibilbidea egin duten pertsonak barneratzeko balio behar du, eta alderdietatik kanpo datoztenak ere. Jatorri eta ibilbide desberdinak izanik pentsamolde anitzen kokaleku izan beharko du, denak ere errespetuz eta aberastasun lez hartuz.
Bereizkeria eta sektarismoaren aurrean EH Bildu irekieraren eta aniztasunaren etxea izan behar da, izango da, ezinbestean, gure herriaren historian jokatzea tokatzen zaion paper erabakigarria jokatu dezan.