Eva Aranguren alderdiko bozeramaileak Mazedoniako mugan izandako kazetarien atxiloketak ere salatu ditu eta adierazpen askatasunaren eta pertsonen mugimendu askatasunaren alde mobilizatzera deitu du
Eusko Alkartasunak gogor salatu du errefuxiatuen krisiarekin eta pertsonen oinarrizko eskubideekin Europako herriak izaten ari diren jarrera lotsagarri, arduragabe eta gizagabea. Zentzu horretan, inplikatutako eragile politiko eta sozial guztiei giza eskubideak eta elkartasun printzipio gutxienekoak errespetatzeko exigitu die eta, beraz, Turkiak Europako Batasunarekin eginiko aurre ituna bertan behera uzteko presio egitea.
Eva Aranguren, EAko Nafarroako Lurralde Batzordeko bozeramaileak, Mazedoniako mugan izan diren kazetarien atxiloketak ere salatu ditu, artean, Ane Irazabal euskal kazetaria; isuna ordaindu ostean aske gelditu dena, legez kanpo muga gurutzatu izana leporatuta. Arangurenen esanetan, onartezina da kazetarien aurkako erasoa, areago, kazetari horiek Idomeni kanpalekutik ihesi doazen errefuxiatuen dramaren inguruan herritarrei zuzeneko informazioa ematen ari direnean eta, iritzi kritikoan eragiteko funtzio garrantzitsua betetzen ari direnean.
EAren esanetan bestelako eredua behar du Europak, pertsonen eta herrien arteko demokrazian, justizian, askatasunean eta elkartasunean eraikia. Ondorioz, Nafarroako herritarrei dei egin die informatzeko eskubidearen alde, adierazpen askatasunaren alde, eta bereziki, pertsonen mugitzeko eskubidearen alde egitera.
Zentzu berean, Europako komunitate osoari eskatu dio basakeria honi amaiera jarri diezaiola berehala, halako egoerak ahalbidetzen dituzten erabakiak etenez. Zuzeneko aipamena egin die halaber Europako Parlamentuko ezkerreko indarrei, politika lotsagarri eta iraingarri horien kontra mobilizatzera deituz.
Azkenik, Nafarroako eta Espainiako Estatuko Gobernuei ere egoera desblokeatzeko modu aktiboan parte hartzera galdegin die eta errefuxiatuen integrazioan eta harreran aurrera pausoak emateko exigitu, kontuan izaki Nafarroak jada bere borondatea erakutsi duela ihesean dabiltzan pertsona horien harrera gune izateko.