Aberri Eguna ospatuko dugu abertzaleok igandean. Testuinguru honetan abertzaleon hurrengo urratsa Estatuan subiranotasunaren aldeko bigarren frontea zabaltzea da. Eta horretarako agenda serioa behar dugu eta atxikipenak lortzeko ahalegin garrantzitsua egin, besteak beste alderdi politiko abertzaleen artean adostasunak erdiesteko ditugun zailtasunak gaindituz.
Hori da Katalunian bidea emaitzak lortzen ari den bidea eta Eusko Alkartasunaren betiko apustua. Agenda zehatza egiteko gizartearen laguntzarekin independentziara eramango gaituen bide orriaren hurrengo urratsak definitu behar ditugu.
Abertzale guztion elkarlanerako EAJren bidea onartu egin behar badugu, prest gaude. Beti ere jeltzaleen konpromisoa duen B plan bat egonda. Izan ere, Eusko Alkartasuna ez dago aldebikotasunaren kontra, adostasuna beti baita haustura baino egokiagoa. Dena den, Estatu espainol zentralistan aldebikotasuna ezinezkoa dela onartzera eraman gaitu errealitateak. Eta ez gaude Madrilgo norbait mahaian eseri dadin betiko zain egotera prest, hori Estatuari beto ematea bezain beste delako.
“Euskal Herrirarentzako marko juridiko-politiko berri baterantz” dokumentuan, duela 16 urte dagoeneko, subiranotasunerako lehenengo ahaleginak estatuarekin negoziaketa behar zuela defendatu zuen Eusko Alkartasunak. Hori bai, emaitzarik gabeko denbora bat pasatuta lege propioaren bidez aldebakarreko subiranotasun aldarrikapena etorriko litzateke.
Horregatik, Eusko Alkartasunak independentzia lortzeko bidea zehaztuta duen arren, eta EH Bilduren parte bezala Euskal Bidea (gure proposamenarekin erabat bateragarria eta oso antzekoa) defendatzen dugula ere, martxan jartzen garela ziurtatzeko adostasunerako prest gaude.
Hala ere, 16 urte ostean Estatuarekin negoziatzeko aukera hutsean amaitzen dela dakigu. Demokraziaren frakasoan eta euskal gizartearen nahiari ezetzean amaitzen da. Beraz, itxaropen gutxi izatea normala da, naiz eta argi izan Estatua inoiz eseri behar bada, subiranotasunaren aldeko estrategia aktiboa martxan dela izango dela.
Eta subiranotasunaren aldeko estrategia horri izugarri lagunduko lioke EAJrekin akordio zabal eta nazionalak lortzea. Eusko Alkartasuna horiek lortzen laguntzeko prest dago, aurretik landutako bidean oinarrituta.
Estatuan eroso daudenek independentismoa zaharkituta dagoela esan ohi dute, baina independentzia beharrezkoa da ez bakarrik gehiengoaren nortasun nazionalarekin bat egiten duen marko politikoa izateko: Estatua behar dugu eguneroko erronkei alde egiteko baizik. Eta eguneroko erronkak dira ordezkaritza zuzena izatea altzairuaren krisiari aurre egiteko erabakiak hartzen diren esparruetan edo elkartasunean oinarritutako erantzun zuzena ematea Siriako errefuxiatuen krisiari, horiei harrera egitea estatuen esku baitago.
Horregatik independentziara iristeko bide ezberdinak saiatzeko prest gaude, beti ere Estatuan aldaketa politiko, ekonomiko edo soziala emateko aukera ia galdutzat ematen dugula ahaztu gabe. Eta horrek asko zailtzen du aldebikotasuna.
2016ko Aberri Egunean Eusko Alkartasunak herri zahar hau Estatu demokratiko bihurtuko duen bidean saiatu eta laguntzeko nahia berresten du. Horregatik, Independentistak sarearen deialdiarekin bat egiten dugu eta independentista guztiak igandean Iruñeara joan daitezen deia egin. Independentziari bai esaten digo: Bai, independentzia da gure proiektu politikoa.