Hogei bat estatuetako 50 alderdi soberanistek ostatutako Europako Aliantza Libreak Asanblada Nagusia egin du asteburu honetan, erabakitzeko eskubidearen gauzapena eztabaiden ardatz duela. Erabakitzeko eskubidea Europar Batasun sendoa eta indartsua eraikitzeko, baina bestelako Europa bat.
Europar Batasunaren kontrako sentimendua eta EB desegiten ari denaren sentsazioa hazten den bitartean, Brusela jendearen beharrekin zerikusirik ez duten kontuetan lanean ari dira, eta are gutxiago krisi humanitarioarekin. Europar Batasuneko agintariek krisian izaten ari diren jarrerak, gertatzen ari den hondamendian duten ardurarekin, batasunaren desegitean eragin handiagoa du, britainiar UKIPek brexit-aren alde egiten duen edozein kanpaina baino.
Zentzu honetan, EALk errefuxiatu eta Siriako gerrari buruzko neurri zehatzak onartu ditu. Estatu gabeko nazioei estatuek inposatzen diguten aldebakarreko neurriak leuntzea da helburua.
Errefuxiatuen babeserako neurri komunak hartzea exigituko du EALk, baita estatu bakoitzak hartu behar dituen kupoen banaketa justua, EBren mugan daudenen segurtasuna bermatzeko diru eta azpiegitura laguntzak, Mediterraneoa gurutzatzea izaten ari den sarraskiarekin amaitzea eta Turkiako esparruetan daudenen ongizatea bermatzea. Era berean, gizarte zibilari laguntza humanitarioa helarazteko bermeak jarri dezala eskatuko dio Damaskori eta bake negoziaketetan inplikatu dadin Nazio Batuen Erakundeari.
Gerratik ihesi dauden milaka pertsonen egoera onartezina izan behar da edozein erakunde europarraren lehentasun osoa, eta horrela da EALrentzat ere. Baina, gainera, herriek erabaki propioak hartu dezaten garrantzia erakusten du. Eusko Alkartasunaren ustez, euskal gizarteak ez lituzke Rajoyren Gobernuak hartu dituen erabaki berdinak hartuko, gai honetan.
Horregatik, EALaren Asanblada Orokorrarentzat erabakitzeko eskubidearen gauzatzea da ardatz nagusia, Eskozia, Katalunia eta Euskal Herrian batez ere baina baita Korsikan eman diren aurrerapausoak ahaztu gabe. Izan ere ez da kasualitatea Asanblada Korsikan egitea, indar metaketaren bidez alderdi abertzaleak Gobernura iritsi eta gero.
Euskal Herriari dagokionez, Espainia eta Frantziako gobernuen demokrazia arloan dituzten gabeziak salatu ditu EALak, gizarteari erabakia emateari ezetz esaten jarraitzen dutelako. Madrilgo PPko Gobernua bakea eta adiskidetze prozesuan oztopoak jartzen ari dela ere dio europar koalizioak.
Zehaztasunetan sartuta, Euskal Herriko garai politiko berrian Europar Batasunak Ipar Irlandan garatutako Peace programaren antzeko tresnarekin eragin dezala proposatu du EALk, bakea eta elkarbizitza bultzatzeko.
Europar banderan izar propioa duen Euskal Herria nahi dugu, baina bestelako Europar Batasunean. EBren sorrera bultzatu zuten printzipioetan oinarritutako batasuna nahi dugu, eta hori enpresa handiak erosotasunez aritzeko merkatal gunea baino askoz ere gehiago da.
Europar Batasuna eta independentziaren aldekoak gara, baina batez ere nahi dugun gizartea eraikitzeko tresnak dira: bidezkoa, elkartasunean eta justizia sozialean oinarritutakoa eta milaka siriarrek bizi duten dramari ezer egin gabe begira geratzeko gai ez dena.