Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak esan duenez, EH Bildu osatzen duten alderdiek bakarrik lortu dute EAJ subiranotasuna eta gizarte justizia lantzeko eskenatokietara eramatea
Sortu zeneko 30. urteurrena ospatu du gaur Gasteizen Eusko Alkartasunak, egun itxita dagoen Gasteiz hotelaren parean. Manuel Ibarrondo, alderdiko lehen lehendakaria izandakoak hitz egin du ekitaldian, Pello Urizar idazkari nagusiarekin batera. Urizarrek Eusko Alkartasunaren historia errepasatu du, Euskal Herriari egindako ekarpenak azpimarratuz eta aurrekanpainan gaudela kontutan izanda. Zentzu honetan, “irailaren 25ean aldaketa lortzeko benetako aukera” dagoela esan du, eta “hiritarrek orain arte bezala jarraitu edo bizi dugun krisi egoerari buelta ematen dion botoarengatik apustua egiten duen hautatu behar dute”.
“Independentzia, sozialdemokrazia eta giza eskubideak izan dira gure jarduera politikoaren ardatzak eta egun EH Bilduk euskal gizarteari egiten dion proposamenaren ardatzak ere badira”, esan du Urizarrek.
Egungo egoera horrela laburbildu du Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak: “lan prekaritatea orokortu egin da, eredugarriak ziren zerbitzu sozialak murriztu egin dituzte eta eskubideak ere murriztu egin dira….”. Eta “EAJ eta PSEk eredu hori mantenduko dute, zenbakiek posible egiten badute”, ohartu du. Horren aurrean, EH Bilduren proposamena, “egoera hori aldatu, gizarte justizia eta eskubideak lortu, hau da, Ongizate sozialeko gizartea lortu” da. Eta hori, gogoratu du Urizarrek, “EH Bilduk bakarrik egin dezake, EH Bildu osatzen dugun alderdiek bakarrik erakutsi dugu EAJ eskenategi horretara eramateko gaitasuna”.