Igande honetan Bilbon ospatuko den 2016ko Alkartasun Egunaren harira, Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Pello Urizarrek adierazi du “Euskal Herriak erabateko subiranotasuna” behar duela beharrezko aldaketak emateko, Madrildik datozen inposaketen, murrizketen eta oztopoen gainetik”.
Urizarrek Alkartasun Eguneko ospakizuna testuinguru berezi batean kokatu du, EAren 30. urteurrenaren baitan, hain zuzen ere: “Ospakizun berezia izango da, proiektu honek azken hiru hamarkadetan Euskal Herriari egindako ekarpenak ospatuko ditugulako”, esan du. Zentzu berean, gehitu du alderdiak bere historian “momentu gazi-gozoak” bizi izan dituela, baina EA inoiz ez dela bere helburu nagusitik aldendu: “Euskal errepublika independientea osatu eta Ongizate Estatu gisara eratu”. “Horren alde lan egin dugu alderdikeri eta protagonismoen gainetik”, azpimarratu du.
Leloa eta gonbidatuak
Alkartasun Egunerako, EAk bere historia gogora ekartzen duen lelo bat aukeratu du, baina baita etorkizunera begiratzen duen lelo bat ere: Atzo, gaur, gero. “Euskal Herriaren alde eta 30 urteko historia kontutan hartuta biharkoan ere Euskal Herriaren alde lan egingo duen proiektua da Eusko Alkartasuna”, esan du Urizarrek eta gaineratu du bere alderdiak 30 urtez ekarpen politikoak egin dituela, baina “batez ere, EA etorkizuna duen proiektua” dela.
Alkartasun Eguna igande honenan ospatuko da, hilak 18, 12.00etan, Bilboko Emakumeen Azaroaren 25eko plazan. Ekitaldi politikoan, Urizarrez gainera, Diputatuen Kongresuko ERCko bozeramaile Gabriel Rufian eta Gazte Abertzaleak-eko eta orain arte EH Bilduko legebiltzarkide Arri Zulaikak hitz egingo dute.