Pasa den igandeko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeen emaitzak bi ikuspuntuetatik begiratu behar dira: kanpo eta barne mailan. Bietan aldeko eta kontrako alderdiak daude, iraganari begira erronkak bezala kontuan hartu beharrekoak.
EH Bilduk emaitza onak jaso ditu. Analisi interesatu askok zendutzat hartzen zuten koalizioa, horregatik, emaitzak bere tamainan hartu behar dira, muturrera eramandako positibismorik gabe; egia da, halere, egungo egoera kontuan hartuta itxurazko emaitzak dira.
Mahai gainean aztertzeko zenbait kontu daude, gainditu beharrekoak. Lehengoa, dudarik gabe, Bizkaiko kasua da, eta honekin zuzenki erlazionaturik, EH Bilduk bere mezua EAEko hiriguneetan hedatzeko eta egonkortzeko duen arazoa dago.
Honi aurre egiteko agerian dagoen galdera –“zergatik irabazten du beti EAJk Bizkaian”- alde batera utzi behar dugu, eta aztertu egin behar dugu zergatik EH Bilduk ez duen pisu handirik herrialde populatuenean. Ez da Bilbo Handia bakarrik, Donostian eta Gasteizen ere emaitzak ez dira onak izan, eta herri garrantzitsuenetan berriro irabaztea lortu badugu ere, Errenteria edo Bergara kasu, hiriguneetan ditugun emaitzak hobetzea derrigorrezkoa da koalizioarentzat. Ditugun emaitzek arrazoi bat baino gehiago dute, eta kanpaina, hautagaiak edota programatik haratago doaz. Kezka hori EH Bilduren batzar eta mahaietan lehentasunezkoa izan behar da.
Koaliziotik at begiratuta erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo absolutua berri ona da, behin baino gehiagotan esan dugu aste honetan zehar. Kontra, eskuinaren ardatzak duen indarra berri txarra da. Ziur gaude EAJ PPk eskainiko dizkion botoak baliatuko dituela gai sozioekonomiko zehatzak aurrera ateratzeko, eta PSOEren barne egoerak errazago egingo du hori. Sarriago ikusiko dugu hori EAJk EH Bildu eta Podemosekin batera osatzen duen erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoa erabiltzen baino. Aurretik ere erabili ditu EAJk PPren botoak garrantzi handiko gaiak ateratzeko, Kutxabanken egitura ezarri zuen Kutxen Legea, adibidez. Hausnartu beharra dugu ere zergatik gizarteak ez dituen eskuineko alderdiak –PP zein EAJ- zigortzen Ongizate Estatuaren zerbitzuen kudeaketa murrizpenen bidez egiteagatik.
Subiranotasunaren aldeko gehiengoa berri ona da, Euskal Herriaren katalanizazioan urratsa. Katalunian erabakitzeko eskubideak zentralitate politikoa hartu zuenean, PSCren gainbera etorri zen bere botoak ezkerreko eta subiranotasunaren aldeko indar berri batek hartu zituelarik. Hemen PSE putzu ilunean sartu da inoren laguntzarik gabe ia antieuskalduna izan den kanpaina batekin eta berzentralizazioa eskaintzen, inolaz ere ez ezkerra, agian PSOEk bizi duen barne gerraren eraginez. Abertzaleontzat berri ona da ezkerraren gehiengoa erabakitzearen aldeko eskubidearen aldekoa dela jakitea, baina ezin esan sorpresa denik: PSE bera bazen garai batean. Hain zuzen ere bere printzipioei uko egitea izan da Euskal Herria, Katalunia eta Estatuan dagoen lekuan egotera eraman duena.
Putzu beltzean dagoen eta norabiderik ez duen PSE zatitua hautatu du EAJk gobernabilitatea ziurtatzeko? Eta horrek bi paradoxa erakusten ditu. Lehenengoa, horrela eginda PSEk horrenbeste boto galtzera eraman duen egoeran sakonduko zuela. Bigarrena, EAJk eskura duen gehiengo politiko eta sozialari uko egiten diola. Izan ere, egia da gehiengo posible asko dagoela, baina badago bat zabalagoa dena bai eserleku kopuruari begira baita gizartean duen babesagatik. Horixe da EH Bilduk EAJri egindako eskaintza. Jeltzaleen esku dago gehiengo horri kasu egin eta datozen lau urteetan zehar autogobernu, gizarte justizia, bakea eta elkarbizitzari buruzko akordioak lortzea.
Gezurra badirudi ere, EAJ da norabiderik gabe dabilen PSEk duen babesik handiena. Bere laguntzarekin gobernatzea erabakitzen badu, hautestontzietan galdu duen pisu politikoa emateaz gain, gehiengo soziala baztertuko du.
Egoera honetan, eta gehiago Bizkaian airean zegoen eserlekua EH Bildurena dela jakinda, koalizioak funtsezko papera jokatu behar du EAJk subiranotasun eta gizarte justiziaren bidea har dezan. Eusko Alkartasunak paper hori jokatu du aurretik ere eta ez dugu erraza denik esango, baina posible da.