Sorturen berrantolaketa EH Bilduren prozesuarekin ez nahasteko deia egin du alderdiak
Sortu garatzen ari den barne prozesua EH Bilduk egin behar duenarekin ez nahasteko deia egin du Eusko Alkartasunak, azkenak koalizioa osatzen duten alderdi guztiei eragiten diolarik. Patxi Zabaleta, Aralarreko zuzendaritzako kide ohiak egindako elkarrizketaren harira egin ditu adierazpenak Eusko Alkartasunak, subiranotasun batasunaren sorrera posible egin zuen indarretako bat izateak ematen duen zilegitasunarekin.
Zabaletak Eusko Alkartasunaren militantziak hartu behar dituen erabakien inguruan iradokizunak egitea ez dela dotorea esan du alderdiak, eta bere oinarri sozialak batasun independentistaren barruan nortasun propioa duen alderdi bezala jarraitzea baino ez duela aurreikusten azaldu. Izan ere, horixe baita koalizioaren indarrik handiena eta sorrerako oinarria ere: sozialdemokraziatik ezker erradikala arte eta subiranotasunetik independentismorako esparru zabalean sartzen diren lagun guztiei gizarte justizian oinarritzen den Euskal Herriaren alde borrokatzeko tresna ematea.
Koalizioarekin alderdi tradizionala ez den beste zerbait eraikitzea zaila dela aitortu du Eusko Alkartasunak, eta alderdi tradizionalek gero eta babes gutxiago dute gizartean. Baina hori ez da EH Bildu osatzen duten alderdien bidearekin nahastu behar.
Eusko Alkartasunak ez duela Sortu eta Aralarreko barne prozesuei buruzko iritzia emango aurreratu du, erabakia beren esku duten militanteei dien errespetuarengatik. Azkenik, esan du Ezker Abertzalearen berrantolaketan parte hartzeko asmorik ez duela eta ez duela inolako proiektuan “sartu” nahi, aldiz Euskal Herri independentea lortzeko tresnan parte hartu eta ekarpenak egingo ditu.