Agian sarriegi hitz egiten dugu mugarri historikoei buruz herri honetan. Baina aste honetan Ipar Euskal Herriko Elkargoaren sorrera ofiziala historikoa izan da benetan. Historikoa da hiru herrialde kontinentalek erakunde propioa izango dutelako lehen aldiz. Horrek zerbitzuak hobetzeko aukera emango du baita Estatu frantsesa zein Hegoaldeko erakundeen aurrean ordezkaritza izateko gaitasuna.
Hiru esparru administratiboetan zatiturik jarraitzen du Euskal Herriak. Bai, baina orain hiru esparru propioak dira: elkarren artean aritu, koordinatu eta harremanak izan ditzaketen hiru esparru. Subiranotasun prozesuari begira, erritmo, abiadura eta behar propioak izango dituzte hiru esparruek. Ez da guk nahiko genukeen urratsa baina aurrerapauso historikoa da eta Behe Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoako gizarteak urteetan, mendeetan, zehar mantendu duen aldarrikapenaren bidez lortutakoa.
Eraikuntza nazionalaren ikuspegitik aurrerapauso txikia dela eman dezake, azken finean, Elkargoak Pirinio Atlantikoko Departamentuaren barruan jarraitzen du. Baina aurrerapausoa da, eta Parisetik bultzatutako lurralde erreformaren barruan kokatzen bada ere, Iparraldeko gizartean eta ordezkaritza politikoan ematen den zeharkako adostasunean oinarrituta urte luzeetan garatutako borrokari erantzuten dio. Iparraldeko lehen erakundeak nortasuna-zerbitzuak binomioari erantzuten dio, edo beste era batera esanda, autogobernua hobeto bizitzeko. Frantziar Errepublika jakobinoa mugiarazi dute, ziurrenik Korsikako hauteskunde emaitzek mugimendua lagundu dute.
Elkargoak udalen eskumenak hartu ditu, aurretik dauden 10 elkargoenak, eta Iparraldeko 300.000 biztanleengandik gertuen dauden politikak kudeatuko ditu, uraren zerbitzuetatik abiatuta hirugarren adinaren beharrak arte. Eta pisurik handiena dutenak, ekonomia –turismo politikak barne- eta euskara. Historian lehen aldiz, Iparraldeko politika ekonomikoaz arduratuko den erakundea dago. Iparraldearena baino ez, ez Pirinio Atlantikoen Departamentu erraldoian galtzen diren hiru herrialdeena. Historian lehen aldiz, udala baino esparru zabalagoa duen erakundeak euskara sustatzeko plangintzak egingo ditu.
Orain arte, Iparraldean gauzatu den koordinazio handiena Biarritz, Angelu eta Baiona, BAB, ardatzan zegoen, landa zonaldeak alde batera utziz. Ziurrenik, politika ekonomiko eta sozialak hirigune eta landa zonaldeekin koordinatzea izango da Elkargoak izango dituen zailtasunetako bat.
Jean Rene Etchegarayk zuzentzen duen erakundearen erronka izugarria da eta denbora aurka du: bi urte barru, behin betiko zer konpetentzia izango dituen erabakitzeko ebaluazioa egingo da. Halere, lehen pausoak onuragarriak izan dira, ohikoaz kanpoko adostasuna lortu delako instituzioaren sorkuntzarako, baita ere Elkargoa Estatus Berezia eta konpetentzia gehiago dituen Departamentua lortze aldera.
Hegoaldetik adi egongo gara, Elkargoak hartzen dituen erabakiekin, bereziki eskumenik ez duen gaien inguruan. Etchegarayren nortasunak –abertzalea ez baina euskalzalea, departamentuaren aldekoa eta bakegintzan inplikatua- Elkargoa dituen eskumenetatik haratago joango dela erakusteko arrazoiak ematen digu.
Modu berean, instituzio berriak bakegintza eta normalizazio politikora zer ekarriko digun arretarekin begiratuko dugu, jakitun izanik, bere kideek gatazkaren ondorioekin behin betikoz amaitu nahi dutela. Etchegaray berak kritikatu zuen “bakearen artisauen” atxiloketa. Zentzu berean, arreta jarriko dugu Behe Nafarroak, Lapurdik eta Zuberoak osatu duten Elkargoak Parisekin dituzten harremanei eta, bereziki, gainontzeko euskal lurraldeekin dutenei.