Madrilen diotenez, Kataluniako subiranotasun prozesuak abiadura handia hartu du, Eusko Alkartasunaren ikuspegitik ordea azkenera hurbiltzen ari dela iruditzen zaigu, hori baino ez. Kontua da, estatuak ez zuela uste azkenera iritsiko zenik. Erreferendumaren aurretiko epearen testuinguruan hasiko da bihar Kataluniako Justizia Epaitegi Nagusian azaroaren 9ko herri galdeketarengatik Artur Mas, Generalitateko presidente ohia, Joana Ortega, presidenteorde eta Irene Rigau sailburuaren kontrako epaiketa.
Epaiketa politikoa da zalantzarik gabe eta zehatzago esanda politika egiteagatik. Herri borondatea epaituko da gainera, Mas, Ortega eta Rigau beraiek baino gehiago. Azken finean, erreferendum proposamenak ez balu gizartearen babesa izan, ez zen erreferendumik burutuko. Horregatik demokrazia bera epaituko da. Herri borondateari eta demokraziari egindako epaiketa politikoa. Estatu espainolaren kalitate demokratikoaren neurria ematen du horrek.
Kataluniako egoerak, erreferendumera iristeko prozesuaren azken fasea eta epaiketa bera, garaituta izan den Estatu espainola erakusten digu. Herri borondatea eta bere etorkizuna erabakitzeko bi milioi pertsona parte hartuko duten erreferendum demokratikoaren aurrean Madrilgo Gobernuak hautestontziak zigilatzea edo Hezkuntza eskuduntza berarentzat hartu eta eskoletan bozka ematea debekatzea proposatu du. Proposamen horrekin barregarri geratzeaz gain, garaituta dagoela erakutsi du, baita Kataluniako gizartea independentziari ezetz esateko konbentzitzerakoan amore eman duela ere.
Egun eta datozen hilabeteetan Katalunian gertatuko dena Estatuko demokrata guztien aurrean auzi bat jarriko du, ideologia gorabehera, benetako demokratak baldin badira, gizarte katalanak hartuko duen erabakia errespetatu behar dute eta ez lukete onartu behar norbait epaitua izatea gizarteari erabakitzeko tresnak, hau da, hautestontziak, emateagatik.
Ez dago aitzakiarik, Eskoziako eredua hor daukagu eta. Ikusi dugu nola Londreseko Gobernuak demokraziaren esanahia ulertu duen eta nola Britainia Handiko gizarteak prozesua normaltasun guztiarekin bizi izan duen. Jakin badakigu posible dela XXI. mendeko Europan nazio batek bere etorkizuna definitzea, inposatutako legediaren gainetik, bada ere.
Eusko Alkartasunak Gure Esku Dago ekimenak gizarte katalana eta auziperatuei babesa adierazteko gaurko antolatu dituen kontzentrazioetan parte hartuko du eta Kataluniaren ondoan izango da bere prozesu independentistan; handik ikasteko esan ohi dugu eta egia da, baina bereziki demokraziaren praktika aldarrikatzeko.