Sergio Tato, Okondoko alkateak egindako salaketak ukatu ditu Eusko Alkartasunak, eta Amaia Sadaba hauteskundeetara aurkeztu zen hautes-elkartea uztearen erabakiarekin zer ikusirik ez duela esan. Patxi Martínez de Albeniz, Arabako Eusko Alkartasunako koordinatzaileak esan zuenez gainera “oso zalantzagarria da Amaia Sadaba transfuga dela esan ahal izatea, izan ere hautes-elkarte baten kidea izan zen, ez alderdi batena”, eta ez Eusko Alkartasunak ez EH Bilduk ere ez dutela sortutako egoeran zer ikusirik azpimarratu du.
Martínez de Albenizek gogoratu duenez, EH Bildurekin akordio estrategikoa duen Eusko Alkartasunak Sergio Tatoren erabakiarekin aurkitu zen 2015eko udal hauteskundeak prestatzen ari zela, “koalizio utzi eta horretarako propio sortu zen hautes-elkarte batekin hauteskundeetara aurkeztea erabaki zuen, Eusko Alkartasunak defendatzen dituen baloreen aurka duen jarrera pertsonalista lehenetsiz”.
Azken hauteskundeak geroztik, “Eusko Alkartasunatik at burutu du bere jarduera politikoa Okondo Aurrera taldeak eta alderdiak ez du Amaia Sadabak hartutako erabakian inolako esku hartzerik izan”. Sadabak berak argi utzi zuen hori Udal Batzan hartutako erabakiaren berri ematerakoan, azaldutakoaren arabera Udal Gobernuaren beste kideek bere lana aurrera eramateko jarri dizkioten oztopoak izan dira bere erabakia hartzeko arrazoia.
Bestetik, egokien ikusi zuen formularen bidez aurkeztu zen Tato hauteskundeetara, Martínez de Albenizek gogora ekarri duenez, eta orain, egoera hori kudeatu behar du, horregatik “herriaren alde lan egiteko” gomendioa egin dio, “Eusko Alkartasuna erasanda politika egin beharrean”.