Eusko Alkartasuna konforme agertu da Estrasburgoko Auzitegiaren azken ebazpenarekin: Arrazoia ematen die Gorka Knörr, Juan Mari Atutxa eta Kontxi Bilbao Legebiltzarreko mahaikideei, 2003an Sozialista Abertzaleak legebiltzar taldea ez desegiteagatik. Alderdiaren iritziz, euskal gatazka politikoarekin zerikusirik duen ororen inguruan Espainiako Justizia erabat politizatuta dagoela agerian utzi du Europak berriro ere.
Legebiltzarreko Mahaian Eusko Alkartasunaren ordezkari zen Gorka Knörr eta bere bi kideei elkartasuna adierazi die alderdiak. Era berean, horren epe luzean egiten den justiziak gabezia nabarmena duela azpimarratu du Eusko Alkartasunak, izan ere Legebiltzarreko Mahaiko hiru partaideek 2008an hasi zuten justiziaren ibilbidea.
Auzitegi Gorenak zigortutako hirurek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiritarrek hauteskunde autonomiko haietan erabakitakoa defendatu egin zutela azpimarratu du Eusko Alkartasunak eta, beraz, hauek epaitzeko inolako arrazoirik ez zegoen, are gutxiago zigortzekorik.