Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Pello Urizarren iritziz Euskal Herria “dikotomia” baten aurrean dago, “erabakitzeko eskubidea eta aldebikotasun faltsuaren aurrean erabaki bat hartu behar du”. Urizar afiliatuekin bildu da Bakion gaur goizean eta adierazi du aldebikotasuna “faltsua” dela “PPri interesatzen zaionean bakarrik ematen delako, bozkak behar dituenean, hain zuzen ere”. “Bakarrik orduan eseritzen da negoziazio mahaiean”, esan du eta, aldi berean, EAJ dei egin dio popularren “salbamendu-taula izateari” utz diezaion.
Aitzitik, jarraitu du Urizarrek, PPk “bere babesak bermatuak dituenean ikusten dituenean” alderdi “zentralista” bihurtzen da. Are gehiago, “murrizketa sozial gehiago egiten dituenik ez dago espainiar Estatuan”, esan du eta, aldi berean, gehitu du espainiar Estatuak ez duela Euskal Herria “subjektu politiko bezala onartzen” eta, ondorioz, ez dela “berdinen arteko elkarrizketarik sekula emango”. Zentzu honetan, EAko idazkari nagusiak adierazi du “aldebikotasunaren autoa egitea akatsa” dela, “arrisku ezaren ideiaren pean, espainiarekiko menpekotasuna hareagotzen duelako”.
Urizarrek Kataluniak Estatuarekiko menpekotasuna apurtzeko hartu duen apustua goraipatu du. “Jakin badakigu Kataluniak bere bidea egin behar duela eta guk geurea. Eskari zuzen bat egiten diogu EAJ, utzi diezaiola behingoz PPren salbamendu-taula izateari. Behingoz batu dadila erabakitzeko eskubide eta autodeterminazioaren defensa aktibora”, bukatu du.