Eusko Alkartasunak Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren egoitzak jasandako pintaketak gaitzetsi ditu. Eusko Alkartasunako bozeramaile Iker Ruiz de Eginoren ustez “horrelakoek ez diote laguntzen turismo ereduaren inguruan eman beharreko eztabaida lasaiari”. Zentzu horretan, EAko bozeramaileak esan du: “Helburu politikoak lortzeko indarkeria erabiltzeak ez du tokirik inongo gizartean”.
Ruiz de Eginok adierazi du Eusko Alkartasunak “hirugarren sektorearen garapenaren alde” egin duela, baina, bere iritziz, egungo testuinguruan “Euskal Herriko turismo ereduaren inguruko eztabaida lasaia ireki behar da”, beste tokietan gertatu diren “gatazka-egoerak ekiditeko”. “Basquetourren aurkako pintaketek ez dute inongo eztabaidari inongo ekarpenik egiten; aitzitik, jarreren polarizazioa besterik ez du ekartzen”, kritikatu du Ruiz de Eginok.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kanpo Harremanetarako eta Turismo zuzendari izandakoak, turismoaren inguruko eztabaida bere tokian jarri nahi izan du eta adierazi du ereduaren inguruko “neurri zuzentzaileak ezarri behar direla” turismo “iraunkorra eta lagunkorra” izan dadin eta tokiko biztanleria “kanpora ez dezan” turisten mesedetan. Zentzu horretan, Ruiz de Eginok esan du tokian tokiko administrazio publikoek udal arautegiak bete behar dituztela –EH Bilduk babestutako Turismo Legeak dioen bezala- legez kanpoko pisu turistikoen hedapena gelditzeko.
EAko bozeramaileak gaineratu du, askotan, beste udal arautegiak ere ez direla betetzen: “Terrazena, espazio publikoena, ordutegiena eta zaratena, esaterako”. “Horrek, tokiko biztanlearen eta turistaren artean kohabitazio arazoak sortzen ditu, baita turisten artean ere”, azaldu du.
Modu berean, Ruiz de Eginok sektorearen lan baldintzei buruz ere hitz egin du: “Egunero turismoak Euskal Herrian uzten duen diruaren inguruko informazioak irakurtzen ditugu, baina, zifra horiek ez dute prekarizatuta dagoen langilearen gain positiboki eragiten. “Euskal Herrian prekarizazioa hirugarren sektorearen ezaugarria izan ez dadin lan egin behar dugu”, bukatu du.