“Nafarroa, eraldaketaren erroa” lemapean ospatu da gaur Iruñan Alkartasun Eguna
Iruñeko Zentral Antzokian ospatu du Eusko Alkartunak bere Alkartasun Eguneko ekitaldi politikoa. Bertan, Pello Urizar idazkari nagusiak aldebikotasuna estatuen artean baino ez dela posible esan du eta EAJ jarrera horretan ez egotea ulergaitza zaiola gaineratu. Joseba Asiron, Iruñeko alkateak; Miren Aranoa, Nafarroako EAko koordinatzaileak; Jone Mugerza, Gazte Abertzaleak-eko ordezkariak, eta Jill Evans, Galeseko eurodiputatuak parte hartu dute ere ekitaldi politikoan. Ondoren, Alkartasun Eguneko ohiko bazkaria egin da, Zentral Antzokian bertan.
Katakuniako egoera izan da Pello Urizarren hitzaldiaren ardatza. Argi esan du idazkari nagusiak “legediak ezin duela herriaren borondatea oztopatu”. Legeak beharrezkoak dira, esan du, “baina gizarteak eman edo kentzen die zilegitasuna”.
Kataluniako subiranotasun prozesua goraipatu du idazkari nagusiak, “elkarte ezberdinen artean adostu dute eta ardurak banatu, protagonismorik gabe”. Estatu ikuspegia deitzen zaio horri, esan du, “ horregatik Rajoyren Gobernuaren inposaketa guztiak gaindituko dituzte”.
Jill Evans, Galeseko Plaid Cymruko eurodiputatuak eta EAk ere parte hartzen duen Europako Aliantza Libreko kidea Brexitarekin kezkatu dagoela aitortu du eta horri aurre egiteko Europako herrien arteko elkarlana eskatu du. Evans, bere alderdiko presidentearekin etorri da Alkartasun Egunera, Leanne Woodekin, nazioarteko ordezkaritza zabal baten barruan.
Nafarroak bizi duen aldaketa politikoari buruz hitz egin dute Miren Aranoak eta Joseba Asironek. Aranoak Iruñako aldaketaren sendotasuna azpimarratu du baita horrekin Eusko Alkartasunaren konpromisoa ere. Eta Iruñako alkateak berriz, lau alderdien artean gobernatzea latza dela esan du, “baina adostasunak lortzen direnean zeharkatasuna bermatuta dago”. Asironek esan duenez, bi urtetako esperientzia eta gero “hoberena etortzear dago”.
L´stacaren hitzekin amaitu ditu bere hitzak Jone Mugerza gazteak. Gazte Abertzaleak-ek “enplegu duina duen Euskal Herria, gazteak independizatu ahal izateko moduko etxebizitza politikak eta parekidetasun erreala” dagoen herria lan egingo duela hitz eman du Mugerzak.