Udazkenean gauza asko heltzen dira Euskal Herrira; intxaurrak, elurteak, odolkiak eta bai, aurrekontuak ere. Legealdi honetako bigarren aurrekontuak aurkeztu ditu Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak Legebiltzarrean. Zazpi hilabete igaro dira 2017rako aurrekontuak eztabaidatu genituenetik, eta orduko intxaurrek lagundu digute memoria gordetzen.
Orain 7 hile Azpiazu jaunak behin baino gehiagotan aitortu zuen aurrekontu haiek ez zutela poztasun gehiegirik emango, eta hala izan da. Aste honetan aurkeztutakoei ordea, epiteto hau jarri dio gobernuak: “Historian Jaurlaritzak inoiz izan duen aurrekontu handiena”. Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatuta lau; edo marketing asko, eta mami gutxi.
Guztira, 11.486,4 milioi eurokoa da hurrengo urteko “botea”. 2017koa baino % 3,9 handiagoa -426 milioi gehiago-. Egia izanik aurrekontuaren zenbateko gordina egundo handiena dela, egun, zorra eta AHTa kenduta, gasturako 2009an baino 200 milioi gutxiago ditugu, 9.978 hain zuzen; askoz gutxiagorako ematen duen diru gutxiago. Denok ondo baino hobeto igertzen baitugu geure sakelean, 2018ko euro batek ez duela orain hamar urteko batek bezain beste balio.
Intxaurren oskol ederra erakusten digute, baina barrutik janda dagoen aurrekontua da. “Politika sozialak eta hazkunde zein enplegua sustatzeko politikak” dio Jaurlaritzak direla hauek. Gasturako dirurik egon ezean, ezin hezkuntzan, osasunean, zaintzetan, laguntzetan,… inbertitu, eta beraz, justizia soziala ezin bermatu. Galdetu CEL, General Electric, La Naval eta beste hainbat enpresetako langileen etorkizun beltzari edo langabezian dauden 130.000 pertsonari zertan egiten dien on aurrekontu honek. Norentzako dira egokiak aurrekontu hauek? Enplegu sorrera %1,7an haztea ez dirudi herri honetan langabeziak eta berarekin batera pobreziak eta prekarietateak sortzen dituzten arazoak konponduko dituenik, ez behintzat gobernu honen politikekin.
Kezkatzen gaitu aurrekontu hauen hazkundetik zenbat den benetan erabilgarri, orain dela 7 hilabete kezkatzen gintuen moduan. Iazko eztabaidan azaldu nion Azpiazu sailburuari 2018rako diru sarreren egoera kezkagarri ikusten genuela, jakitun soilik zorraren ordainketa 325 miloi gehiago zirela eta defizit muga berriz, erdia. Berriz ere espainiar estatuak ez dituelako bere defizit mugak betetzen, eta berriz ere Europak eskua zabaldu diolako, 2018ko defizit muga momentu hartan esperotakoa baino 0,1 handiagoa izango da, koska bat gehiago gastatzeko.
Baina zor berriko 10 eurotik 7, zor zaharra kitatzeko dira, beraz inbertsio gutxi diru horrekin. Eta defizitak, interesak ordaintzen gastatuko duguna baino gutxiago emango du, Europak berriro ere espainiar estatua defizit muga ez betetzeagatik barkatzen ez badu behintzat.
Diru sarreretan ez bada neurririk hartzen, egoera honek ez du onera egingo.
Ikusita diru sarreren egoera, zerga erreforma guztiz beharrezkoa da, herri honetako politika publikoak garatzeko eta aurrera eramateko. Baina urtea bukatzear dago eta erreforma hori, Ogasun eta Ekonomia sailburuak berak ere hainbatetan eskatutako erreforma hori, ez dago eta ez da helduko. Gehien duenak gehiago jar dezala Herriaren eta herritarren hoberako. Hain zaila al da ulertzen? Gipuzkoan aurreko legegintzaldian martxan jarri genuen “Fortuna Handien gaineko Zerga” zeritzona. Populazioaren %1a baino gutxiagori eragiten zion, eta guztioi onurak ekarri. Eta ez, enpresek ez zuten alde egin Euskal Herritik.
Datu bat: diru sarreraren % 83a Foru Aldundien ekarpenetatik dator, eta honen hazkundea 420 milioi eurotakoa izango da. Baina diru guzti hau ez da nahiko zorraren kitapeneko 325 milioi eta defizitaren murrizketako 150 milioiak ordaintzeko.
Hain beharrezkoa da zerga erreforma ausarta politika publikoak garatzeko, eta justizia soziala ziurtatzeko. Guk argi dugu, eta sailburuak behar-beharrezkotzat jotzen du. Baina hara non PPk justu kontrakoa mahaigaineratu berri duen, hots, zergen murrizketa bat. Hori omen da aurrekontuak onartzeko jarriko duen baldintza. Gainera, Arabako zerga tipoa ezberdindu nahi dute, harmonizazio fiskala arrakalatuz. Gogorarazi besterik ez dugu alderdi honen burutik hasita, zergei ihes egiten maisu direla.
Jaurlaritzako kideok; udazken arratsaldetan musean jokatu ohi da; eta partida honetan, PPk enbido txikira egin nahi du. Guk Hor dago jokora bota nahi dugu. Zuen esku norekin jokatu partida.
Leire Pinedo Bustamante
EH Bilduko parlamentaria
Eusko Alkartasunako kidea