Frantziar gobernuak ez ditu aintzat hartzen Korsikak autogobernu zabalagoa izateko luzatu dizkion eskaerak. Hala, manifestazio jendetsua deitu dute otsailak 3rako Aiacciu hiriburuan. EA bertan izango da korsikar herriari elkartasuna adierazten.
Eusko Alkartasunako Nazioarteko Idazkari Lorena López de Lacalle aste honetan Bruselan bildu da Aliantza Libre Europarraren baitan, Europar Batasuneko estaturik gabeko nazioekin eta hauek ordezkatzen dituen europarlamentarien taldearekin. ALEk 44 alderdi eta 11 europarlamentari biltzen ditu, tartean Eusko Alkartasuna, Kataluniako Esquerra Republicana eta egun Korsikar gobernuan dagoen Partito di a Nazione Corsa PNC.
Iragan abenduak 10eko hauteskundeetan, Korsikako alderdi soberanisten koalizioak gehiengo osoa lortu zuen Korsikako Asanblean. Bertatik datoz korsikar Herria nazio gisa aitortzeko eta korsikerak hizkuntza ofizialaren estatusa onartzeko eskariak, eta Korsikarentzat autonomia politiko zabala, besteak beste.
Eskari hauei frantziar gobernuak erantzuna eman diezaien, otsailaren 3an manifestazio jendetsu batek Aiacciuko kaleak beteko ditu “Korsikar Herriarekin elkartasuna- Solidarité avec le peuple Corse” lemapean.
Eusko Alkartasuna eta Aliantza Libre Europarra bertan izango dira, Korsikako Herriaren autonomia aldarriarekin bat eginez.