Zer gertatuko litzateke munduko emakume guztiek martxoak 8an jai hartuko balute?
Zer gertatuko litzateke martxoak 8an mundu zabaleko emakume guztiek begi-belarriak itxi eta besoak gurutzatuko balituzte?
Zer gertatuko litzateke norberaren ama, arreba, neska-laguna, koadrilako laguna, lankidea agertuko ez balira martxoaren 8an?
Zer gertatuko litzateke gure etxea garbitzen duen neskamea, gure aitona zaintzen duen anderea, gure txikiak hezitzen dituen haurtzaindegiko langilea, gure seme-alaben irakaslea, osatzen gaituen erizaina, supermerkatuko kutxazaina, bulegoko idazkaria, gure goizeko kafea goxo-goxo jartzen digun zerbitzaria ez balira lanera joango?
Zer gertatuko litzateke gizonek lan egin dezaten emakumeek egiten duten beharrezko azpi-lana egingo ez balute?
Emakume hauek Planto egingo balute, mundua geratuko litzateke.
Eta orain demagun emakume hauek ez dutela egun horretan jai hartzen, baizik eta gizonekiko berdinak direla adierazteko antolatu direla, eta hori ikustarazteko Grebara doazela.
Demagun…
Emakumeok kristalezkoa baino, metakrilatozkoa den sabaia apurtzeko erramintak eraikitzen ari direla.
Lan berdinagatik %23 gutxiagoko soldata jasotzen duten emakumeok, injustizia horri aurre egiteko neurri zehatzak aztertzen dabiltzala.
Emakumeok beraien arteko sareak sortzen eta indartzen diardutela; ahizpatzen dabiltzala.
Emakumeok gizartean duten lekua bereganatzeko borrokan daudela.
Emakumeok enpresa, erakunde eta antolakundeetako lehen lerroa konkistatzen dabiltzala.
Emakumeok egiten duten lana behingoz aintzat hartzea aldarrikatzen dabiltzala, eta ez lore edo txokolateekin, eskubide eta neurriekin baizik.
Emakumeok protagonismoaren fokoa sekuestratu nahi dutela, erantzunkidetasunagatik trukatzeko.
Emakumeok ez direla lanean agertu, egunkarietako portadetan, irratiko uhinetan eta telebistan agertu nahi dutelako, eta ez beraien edertasun, jantzi edota norbaiten bikote izateagatik; bisibilizatuak izan nahi dutelako.
Emakumeok hurrengo belaunaldien eskubideen alde daudela kalean, haien erreferente bilakatuz.
Emakumeon gain jartzen diren mamu guztiak uxatzen dabiltzala: Deabrua barruan dutela, demografia baxuaren errua beraiena dela, gorenera heldu diren emakumeak fabore sexualak egiteagatik heldu direla, feministek gizonen zapaltzea nahi dutela, bortxatua izatearen arrazoia emakumeak zituen jantziengatik zela…
Emakumeok jatorri eta ibilbide ezberdinetako andre eta neskentzat atsegina eta abegikorra izango den gizartea eraikitzen dabiltzala; berdintasunean eta justizia sozialean oinarritutako gizartea eraikitzen.
Emakumeek Planto egiten dutela, aurrera egiteko.