Euskal presoei ezartzen zaien urruntze politika kritikatu dute Arabako Batzar Nagusiek, EH Bilduk eta Podemos-Ahala Duguk aurkeztutako mozioa aprobatuz. EAJk eta PSEk ere aldeko botoa eman dute.
Lorena Lopez de Lacalle, EH Bilduko batzarkidea eta EAko Nazioarteko Politikako idazkariak defendatu mozioa. ETAren behin betiko amaieraren ostean zabaldutako epe berriari erantzuteko “presoak familia eta gizarte errotzea duten lekuetatik at egotea ekiditen duen kartzela politika berria” behar dela dio mozioak, eta Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan dagoeneko onartu den berdina da.
“Bakea denon artean eta denontzat eraikitzen da, gizarteak ezin duelako gehiago itxoin”, esan du Lopez de Lacallek. Era berean Foro Sozial Iraunkorreko Agus Hernánek esan duenez, “ETAren desmobilizazioa asteen epean” iritsiko dela gogoratu du eta “orduan presoen bergizarteratzeari ekin beharko zaiola”. Horregatik, epe berriarekin bat datozen erabakiak hartzen hasi behar dela esan du, “gaur egun eta etorkizuneko bakean helburu dela, guk bizitakoa gure semeek bizitzerik ez dugulako nahi”.