Ezustekoei emateko Bizkaiko Diputazioak duen fondoa handitzea proposatu du Joseba Gezuragak gaur Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran, egun dagoen dirua ez baita nahikoa udalen beharrei erantzuteko. PNV-PSE Gobernuak ekimena aurrera eraman eta legea aldatzeari ezezkoa eman dio, EH Bilduko batzarkidea eta EAkidearen ustez, “ez duelako proposamenik arlo horretan”.
Egun ezustekoei erantzuteko dagoen dirua larrialdiei erantzuteko eskasa izan da, Bermeoko sutean, Ondarruko lurjausian edota Muxika, Basauri eta Bakioko uholdeetan ikusi den bezala. Kasu horietan, zehaztu du Gezuragak, “%63a eman zaie gehienez udalei. Eta hori horrela da Legeak hala agintzen duelako, beraz, araua da aldatu egin behar dena”.
Fondoa Udalkutxaren %1a arte igotzea proposatu du Gezuragak, eta horrek 3 milioi eurotik lau milioira igotzea suposatuko luke.