EH Bilduren baiezko kritikoa eman dio Nerea Martínez Cerrillok gaur Arabako Batzar Nagusietan berretsi den 2017ko uztailaren 19ko Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoaren Akordioari. “Euskal Herriaren erabateko subiranotasuna nahi dugunentzat abiapuntua da Kontzertu Ekonomikoa”, batzarkideak esan duenez.
EH Bilduk Estatu espainiolarekin berdintasunezko harremana aldarrikatzen duela gogoratu du Martínez Cerrillok, “eta Kontzertu Ekonomikoak ez du hori bermatzen”, hori dela eta “egun gure autogobernuaren garapenerako puntu garrantzitsua izatearekin batera, Estatu espainolari elkartzen gaituen heinean gainditu behar den zerbait ere bada”.
Era berean, Kontzertua ezin dela negoziaketen mepe egon esan du, eskubidea delako, eta “Madrilek gure erabakiak hartzen ez dituen etorkizunaren” aldeko apustua egin du: “gu geu gure erabakiak hartzeko subjektu aktiboak izan behar gara”.
Saratxoko errepidea
Gai ordenaren beste puntu batean, Orduña eta Amurrio artean, Saratxotik igarotzean A-625 errepideari konponbidea ematea exijitu du Nerea Martínezek. Duela urtebete konpromisoa hartu zuten Batzar Nagusiek Arabako errepideetako puntu beltz horri konponbidea emateko baina oraindik, azpimarratu du Martínezek, ez da ezer egin.
Errepidea “oso arriskutsua da eta hildako gehiegi egon dira bertan, horregatik hobetze lanak lehentasunezkoak dira”, esan du Aiarako batzarkideak. Saratxo, Zanbrana eta Legutioko errepideetan dauden puntu beltzak dira EH Bilduren lehentasunetako bat legegintzaldi honetarako. Azken biak konpontzen ari dira dagoeneko.
Martínezek sozialki eta ingurugiroari begira sostengarria den proiektua egitea eskatu du eta ahalik eta lur gutxien okupatzea ere. Azkenean mozioa erretiratu dute, akordiorik ez delako egon eta arazoak pendiente jarraitzen du.