Deustuko Unibertsitateak argitaratu berri du gizarte barometroa. EAEko 1000 lagunei egindako galderen erantzunetan oinarritzen den azterketa soziala da hau, 6 hilean behin plazaratzen dutena.
Azterketa mardula da, ia 100 orrikoa (eta gazteleraz soilik argitaratua), eta politika zein gizarte arloko hainbat galdera egiten dituzte.
Hemen aurkitu dezakezu argitalpen osoa:

Deustobarómetro-Social-Verano-2018

Datu guztiak interesgarriak izanik, guk hainbat puntu azpimarratu nahi ditugu:

- ERABAKITZE ESKUBIDEA: Euskal Herriak subirautzaren aldeko erabakitze eskubidea izan behar duela onartzen du jendartearen inkestatuen %44k, eta %17ak “ez daki ala ez du erantzun nahi” ihardetsi du. Badago beraz euskal herritargoan erabakitze eskubidearen aldeko jarrera nagusi bat. Azken finean, erreferenduma antolatzea demokrazian sakontzea da, eta herritarren esku jartzea erabakimena.

- AUTONOMIA: Gizartearen %41ak EAEk autonomia gehiago izan dezan eskatzen du, eta %16a independentzia osoaren aldekoa da. Bada, euskal herritarron %55ak argi dugu guk kudeatu nahi ditugula gure politikak, gure esku nahi ditugula gure eskuduntzak, eta guk izan nahi dugula gure erakunde eta botereen jabe. Bidenabar, goraka doa bai independentzia bai autonomia gehiago nahi dugunon zenbatekoa.

- BAKEGINTZA: Euskal presoen gerturatzean dagoela gakoa uste du gehiengoak. Hala, %47ak euskal presoak Euskal Herrira bueltatu behar direla uste du, eta %37k euskal preso politikoen “salbuespen egoerarekin” amaitu eta preso arruntek dituzten eskubide berberak izan beharko lituzteketela argudiatzen du. Gainera, %53ak ikusten du Espainiako polizia eta indar armatuen presentzia Euskadin oztopoa dela egoeraren normalkuntzarako. Zentzu honetan, iragan astean Legebiltzarrean adostutako eskaerak zioen bezala, lege penitentziarioen eguneraketa bat eskatzen dugu –talde guztiek PP salbu- onartutakoa.

- HERRITARREN AHALDUNTZEA: Azken 6 hileetan manifestazioren batera joan diren herritarrak %45a dira, eta %49ak eskaeraren bat sinatu du. Horrek adierazten du euskal gizartea geroz eta mobilizatuagoa dagoela, eta eskubideen alde mobilizatu egiten dela. Gainera, %45ak uste du desobedientzia zibila “politikan parte hartzeko zilegizko modua” dela. Jarrai dezagun bada gutako bakoitza agente aktibo izaten, bakoitza bere esparrutik, Kate Milletek argi erakutsi zigun bezala, “Pertsonala politikoa baita”.