Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika, eta Segurtasun sailek ez dutela Arartekoaren eskaerak erantzun ere egiten salatu du Eva Blancok gaur Legebiltzarrean. Arartekoaren urteroko txostenari buruzko Osoko Bilkura berezia egin da gaur eta bertan Jaurlaritzako bi sailen jarrera nabarmentzeaz gain, gizarte laguntzei buruzko kontsultak nabarmen igo direla eta gutxien duten haurren egoerari atera daitezkeen ondorioekin kezka agertu du Eva Blancok.
Arartekoaren txostenean urtero puntu batzuk errepikatzen direla azaldu du Blancok, “eta hori oso larria da, agerian uzten duelako bere gomendioei ez zaiola kasurik egiten”. Horrela, 2010ean hazten hasi ziren eduki ekonomikoko gizarte laguntzen gaineko kexak nabarmen gora egin dute berriro ere, egoera hobera egin beharrean kronifikatzen ari dela erakutsiz. Horrek esan nahi du “neurri zuzentzaileak ez direla aplikatzen edo egoerari buelta emateko aztertzen ari diren tresnak ez direla egokiak”.
Horretaz gain, kezka handia erakutsi du EH Bilduko legebiltzarkideak haurren egoerari buruzko datuekin: “Umeen pobreziak biztanleria osoaren pobrezia adierazleak gainditzen ditu, eta azkar egiten du gora”. Bereziki kezkagarriak diren bi ezaugarriekin gainera: “eragin handiagoa du guraso bakarreko familiengan eta familia atzerritarrengan, eta belaunaldiz belaunaldi heredatu egiten da”. Datu horiek ez dira ongizate estatu aurreratu batekin bateragarriak, adierazi du Blancok.
Era berean etxebizitza lortzeko prozedurekin eta osasun arloko kexak ere azpimarratu ditu EAkideak, azken horiek itxaron zerrenden bataz besteko ofiziala gezurtatzen dutelako.